Melillako sarraskia eta muga-politikak salatzera deitu dute

Anboto 2022ko eka. 30a, 10:30
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, 2017an Zornotzan egindako mobilizazio bat.

Durangaldeko hainbat eragile sozialek salatu du, "poliziaren basakerian eta mugako militarizazioan oinarritutako migrazio-politikek, gutxienez 37 migratzaile eta errefuxiatu hil" dituztela Melillan. Kontzentrazioa bariku honetan egingo dute, Durangon.

Atxondoko Harrerak, Zaldibarko Jendeak, Durangoko parte hartze tailerrak, Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Hemendik Harantz mugimenduak Espainiako Melilla hirian gertaturiko sarraskia salatzeko kontzentrazioa egingo dute bariku honetan. Protesta ekitaldia Andra Marian egingo dute arratsaldeko 19:30etan. Elkarteek ohar batean salatu dutenez, Melillan gertaturikoa "nekropolitikaren fruitu" da, "poliziaren basakerian eta mugako militarizazioan oinarritako migrazio politiken" ondorio. 

Bestalde, Marokoko jendarmeriak migratzaileen aurkako sarekadak eta jazarpenak hasi dituela salatu dute. Eta Espainiako gobernuaren jarrerari dagokionez ere, antzera. Gobernuari egotzi diote "Marokoren autonomia ekimena babestea". Eragile sozialek diotenez, "Ceuta eta Melilla NATOren babespean sartzeko asmoa ere kontuan hartu behar da, horrek hegoaldeko muga militaritzatzen lagunduko" duelako.

Elkarretaratzean elkartasuna adieraziko diete hildakoen senide eta gertukoei. Horrekin batera, Atzerritarren Legea indargabetzea, gertaturikoa argitzeko ikerketa independentea egitea eta Giza Eskubideak bermatzea eskatuko dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!