Durangoko Txosna Batzordeak 2019an baino 5.400 euro gehiago jasoko ditu udalaren partetik

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 29a, 22:00

Guztira 20.000 euroko diru ekarpena jasoko dute udalaren partetik, jaiak kudeatzeko. EAJk, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak erabakia babestu dute.

Durangoko udalbatzak Txosna Batzordeari eskaintzen zaion diru laguntza handitzea erabaki du. Txosnek 20.000 euroko ekarpena jasoko dute guztira, 2019an jasotakoa baino 5.400 euro gehiago. Erabakiak EAJ, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea alderdien aldeko botoekin egin du aurrera. Mireia Elkoroiribe, Juanan Bueno eta Julián Ríos bat etorri dira "jaiak indartzeko sasoia" dela iritzita. Alderdi sozialistak, aldiz, neurriaren kontra egin du. Jesica Ruizek adierazi du Alderdi sozialista erabakiaren alde egon dela gaur arte, baina "txosna batzordeari emaniko 5.400 euroko gehigarria ludotekatik eta gaztelekutik kenduko delakoan" atzera egitea erabaki dutela. "Uste genuen txosnetara bideratuko zen diru gehigarria erremanentetik hartuko zela, komentatu zen bezala". Gobernu taldeko kideek ziurtatu dute ludotekari eta gaztelekuari ez zaiela diru kopuru hori kenduko, beste nonbaitetik hartu eta eramango baitute partida horietara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!