Alde Zaharreko bizilagunek "bideorri adostu bat" eskatu dute "ainguratuta gelditu diren arazoak konpontzeko"

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 29a, 20:49

DAZ elkarteko Jose Mari Arrillagak eta Asun Canalesek zoru iristakorrari, karkabei, zaratei, aparkalekuei eta zuntz optikoari lotutako kexak eraman dituzte Durangoko politikarien aurrera.

Durangoko Alde Zaharra elkarteko bizilagunek "datak eta betebeharrak" jasoko dituen "bideorri adostu bat" egitea eskatu diote udalbatzari, "egungo eta aspaldiko" arazoak konpontzeko. Jose Mari Arrillaga eta Asun Canales bizilagunek politikarien aurrean defendatu dituzte eskariak. Diotenez, "arazo ugari dago ainguratuta, eta hori pasibotasun instituzionalaren ondorio da". Bizilagunek Alde Zaharreko lurraren irristakortasuna "lotsagarria" dela diote. "Edadetuek eta mugikortasun arazoak dituztenek beldurra dute euria egiten duenean". Zarata, bestalde, "hipoteka gehigarria" dela diote: "Umeek, familiek, ikasleek, adinekoek, gero eta zailtasun gehiago dugu deskantsatzeko. Udalari eskatzen diogu indarrean dauden ordenantzak betetzeko", esan dute. Emisio Baxuko Guneak ez du ditu elkarteko kideak asebete, horrek aparkalekuen antoolamenduari eragin diolako. Eta Internet konexioari buruz adierazi dute zuntz optikoa ipintzeko aukera aztertu behar dela, "Donostiako, Arrasateko eta Gasteizko Alde Zaharretan egin den bezala".

Politikariek Alde Zaharreko bizilagunen eskakizunak eskertu dituzte. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak, adibidez, bizilagunen "kezka" partekatu du. "Arazoei konponbidea ematea ez da erraza. Baina aurrekontu batekin, plangintza batekin, apurka-apurka konpontzen joan deitezke. Gure proposamena lankidetza mahai bat osatzea da alderdi politikoekin, DAZ elkartearekin, udal teknikariekin, merkatariekin eta ostalariekin", adierazi du.

Gobernu taldea "neurri sorta" bat lantzen dabil

EH Bilduko Aritz Bravo zinegotziak jakinarazi du gobernu taldea "neurri sorta" bat prestatzen dabilela arazoak konpontze bidean ipintzeko. TAO zerbitzua indarrean sartzen denean, Alde Zaharreko bizilagunek "117 aparkaleku" izango dituztela aurreratu du. Orain dutenaren bikoitza. Kaleetako zaratari dagokionez, gobernu taldeak "azterketa akustiko bat" egingo du "2023ko lehen hiruhilekoan", eta bertan arautuko ditu kontzertuetako ezaugarriak, soinu-ekipo eramangarrien erabilera, barraketako musika araudia zein espazio publikoaren erabilera. Zuntz optikoari dagokionez, udalak bilerak hasiko ditu telefonia enpresekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!