Durangoko udaltzaingoa udaletxearen azpian egongo da berriro bihartik aurrera

Anboto 2022ko eka. 22a, 16:50

Azpiegitura eraberrituko irudia.

Sarbide berria izango du. Izan ere, udaltzaingorako sarrera Barrenkaletik egingo da, Herritarren Arreta Zerbitzutik.

Udaltzaingoaren bulego berrien lanak amaitu berri ditu Durangoko Udalak. Beraz, bihartik aurrera udaltzainak instalazio eraberritura itzuliko dira eta han eskainiko dute zerbitzua.

Orain arte, Udaltzaingoaren bulegoek 412,57 metro karratuko azalera zuten. "Eraberritzearen helburua Udaltzaingoaren bulegoak berregokitzea izan da, egungo premiekin bat datozen instalazioak lortzeko espazioak berrantolatuz. Horretarako, bi solairuetan jardutea planteatu da, egungo erabileren eskemari eutsiz", azaldu du udalak ohar batean.

Obren irismena dela eta, eraikinaren zati honetan dauden instalazio guztiak aldatu dira (ur hornidura, saneamendua, berokuntza, klimatizazioa, elektrizitatea, telekomunikazioak eta suteak). Barruko obraz gain, kanpoko aldean dauden zurezko arotzeriak segurtasun eta eraginkortasun energetiko handiko beirak dituzten berriekin ordeztu dira, besteak beste.

“Obra hauek langileek urte askotatik eskatzen zituzten etengabeko eskaerei erantzuten diete; izan ere, 2018an, Lan Ikuskaritzak lan horiek egitera behartu zuen Udalak. Udaltzaingoak urte gehiegi zeramatzan gutxieneko baldintzak betetzen ez zituzten baldintzetan lanean", adierazi dute Iker Urkiza eta Jorge Varela udal arduradunek.

Lanek irauten zuten bitartean udaltzainak Landako Gunearen inguruan jarritako moduluetan egon dira. Modulo horiek "datozen egunetan" desinstalatuko dituzte, udal arduradunen esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!