Ez da kolektiboak antolaturiko lehenengo emanaldia, baina luzeena izango da, eta baita parte hartzaileena ere. Guztira, hamar disko jartzaile egongo dira euren binilo eta disko-jogailuekin. "Reggaean Jarrai diskoa kaleratzeko eta zabaltzeko egindako lanaren ondoren, hainbat talde, kolektibo eta selektorren arteko lotura estutu da eta horri etekina atera gura genion", azaldu dute KSKAko kideek. Skinhead reggae, 2 tone edota ska doinuak nagusitzen dira euren saioetan. Hala ere, oraingoan beste era bateko doinuak ere entzungo dira Durangoko Alde Zaharreko kaleetan. "Mugimendu honek hainbat azpikultura hartzen du kontuan, eta guk ere aniztasun hori islatu gura dugu", esan dute. Esaterako, erritmo karibearrak entzungo dira goizeko lehenengo saioetan. "Alternatiba bat eskaintzea da gure helburua. Iruditzen zaigu antzerako musika ipintzen dela leku guztietan, eta gure proposamena interesgarriagoa iruditzen zaigu. Biniloan izateak kuriositatea pizten du, gainera", gaineratu dute.
Sorginolaren falta
Moonstomping jaialdia 2020ko ekainean egitea zen KSKAren hasierako helburua. Baina, pandemiaren eraginez, urte bi atzeratu dute. Mahai-inguru bat, fanzine erakusketa bat eta kontzertuak egitea zen hasierako asmoa, baina, gerora, egitaraua moldatu dute Sorginolaren eraisketa dela eta. "Pena bat da Sorginolaren moduko gune bat ezin erabiltzea; horixe litzateke gunerik naturalena. Baina musika kalera ateratzeko gogoa ere bagenuen", nabarmendu dute kolektiboko kideek.
I. Durango Moonstomping 12:00-15:00 15:00-18:00 18:00-22:00 |