“Donut kultura handia dago eta hori aldarrikatu gura dugu"

Aitziber Basauri 2022ko eka. 20a, 08:33

Cristina eta Laura ahizpek gozotegia zabaldu zuten urrian, eta pozarren daude izandako harreragaz, oso eskertuta. Laurak du gozotegiaren ardura. Cristinaren bizipoza sukaldaritza da. Galdakaon sukaldaritza ikasketak egin eta gero, Bartzelonara joan zen, gozogintza ikastera. Azurmendin eta Neurua jatetxeetan lan egin du eta Paco Torreblancagaz eta Angel Leonegaz jardun du. Eneko Atxagaz ere bai, Errusian, eta Thierry Bhamasegaz, Frantzian.

Zerk eroan zaituzte gozogintza amerikarrean espezializaturiko gozotegia zabaltzera? 
Cristina: Beti gura izan dut neure negozioa ipini. Baina ez dut argi izan zer, eta ahizpak gozotegia zabaltzeko esan zidan. Inguruko merkatu azterketa bat egin ondoren, gozogintza amerikarra esploratzeko merkatua zela ikusi genuen. Gozotegia bikotekideagaz jatetxea zabaltzeko azken pausoa da. Familia-jatetxe bat zabaldu gura dut, eta nire esperientzia gastronomiko osoa eskaini.
Laura:  Gainera, amerikarra, yankia den guztiaren frikiak gara, oso fanatikoak. Ez gu bakarrik, gure bikotekideak eta gure gurasoak ere bai.

Ezohiko postreak dira zuenak.
C.G.: Batez ere, donuta zabaldu gura dugu. Zulodun donut borobil bat baino haratago doazen historia eta kultura daude atzean, ezagutzen ez duguna. Donuta erroskilla batetik dator: Old-fashioned-etik. Donut kultura handia dago eta hori aldarrikatu gura dugu. Buttermilk, apple fritters... ere baditugu. Bestalde, dastatzeko menua eskaintzen dugu, beste establezimendu batzuekin elkarlanean antolaturiko ekitaldietarako. Adibidez, Durangon postreak dastatzeko menua antolatu izan dugu, koktelekin uztartuta., dena zuzeneko musikagaz. Gasteizen eta Bilbon ere egin ditugu. 

Zer eskaintzen da ekitaldi horietan?
C.G.: Oso esperientzia sentsoriala da. Aperitibo bigaz hasten gara, itsu-itsuan hartzeko, eta, gero, bost postre eskaintzen ditugu platerean, gozoa eta gazia uztartuta. Kafeagaz hartzeko, petit fours batzuekin amaituko dugu.  
L.G.: Zer jango duten eta zelan ez dakite. Sorpresaz beterik daude.

Zerk du arrakastarik gehien?
C.G.: Albaka pestoak. 
L.G.: Gozotegian, Oreozko cookie-ak. Kinder edo nuteladunak ere bai. Baina hirugihardun bonba gomendatzen dugu. Hirugiharra badago poztasuna dago (barrez).

Egin duzun postrerik zoroena?
C.G.: Denerik egin dugu. Oso arrakastatsua izan zen shiso berdea, banilla eta lima erabilita egin genuena. Azaloreagaz eta txokolate zuriagaz ere sortu dugu bat, eta Jack Daniel's, kakaoa, banilla eta aingira karamelizatua duena.

Astero postre berri bat sortzen duzue. 
C.G.: Bai. Erraz aspertzen gara eta bizigarriei jarraitzen diegu. Egunero berdina eskainiz gero, zertara etorri berriro? Geldiezina naiz eta gastronomian modan dagoenari arreta handia ipintzen diot. Oso zoriontsua naiz menuak sortzen, asko disfrutatzen dut; batez ere, euskal gastronomia beste batzuekin fusionatuz. 

Postreok neurrian jan behar dira.
C.G.: Ez dira egunero jatekoak, ez, baina osagai eta lehengairik onenak dituzte. Opil industrialak baino osasuntsuagoak dira. 

Zuen postrerik gustukoena?
C.G: Comttesa tarta. Baina ez naiz batere postrezalea.
L.G.: Amaren arroz-esnea. Baina, orain, gazia gurago dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!