"Gaia hor dago: lau familiatik batek umea galdu du haurdunaldian, erditzean edo jaioberritan"

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 17a, 12:30

Esku Hutsik elkarteak umea haurdunaldian, erditzean edo erditu eta gero galdu dutenen arteko topaketa egingo du Durangon. Domekan egingo dute, Zuhatzolan. "Tabua" haustera deitu dute.

Esku Hutsik elkarteko kideek argi dute. Umea haurdunaldian, erditzean edo jaioberritan galtzearen gaia hor dago. Existitzen da eta gizarteak “tabu” lez begiratzeari utzi behar dio. Maria González Gómez (Getxo, 1987) elkarteko presidenteak gaiaren ikusgaitasuna aldarrikatu du: “Ikusgaitasuna eman behar diogu gai honi, hain zuzen ere, hor dagoelako. Lau familiatik batek umea galdu du haurdunaldian, erditzean edo erditu ostean. Espainiako estatuko datuek diote urtean 2.500 bat ume hiltzen direla haurdunaldiko 22. eta 41. asteen artean. Baina kopuruak handiagoak dira, datu horietan ez direlako lehen hiruhilekoan hildako umeak azaltzen. Ezta bizirik jaio arren gerora hiltzen direnak ere”. 

Esku Hutsik elkarteak orain urtebete ekin zion ibilbideari. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan lan egiten du. Gaur egun 90 bazkide ditu inskribatuta; tartean, Durangaldeko hamar bat. Bazkiderik gehienak umea galdu duten familiak dira, baina elkartean badira dolua egiteko laguntza eskaintzen duten profesionalak ere. Domeka honetan, horien guztien arteko hartu emanak sustatzeko topaketa egingo dute Durangoko Zuhatzola parkean. Bizipenak kontatuko dizkiote elkarri. Gonzalezek dioenez, "familia askok bizi dute galera, eta dolu horrek errekonozimendu bat behar du. Haur horiek entitate bat izan behar dute gizartean, existitu direlako eta familia horien oroimenean egoteko eskubidea dutelako". Izan ere, elkarteko presidenteak ondo gogoan du orain sei urte gertatu zitzaiona: "Nire lehenengo alaba haurdunaldiko 37. astean galdu nuen. Eta sozialki oso bakarrik sentitu nintzen. Familiak bai, baina inguruko jendeak, lagunek, ez zuten doluagaz laguntzen jakin. Gaiari buruz berbarik ez egitea onuragarria den ideia hori zabalduta dago. Baina gertatzen dena justu kontrakoa da. Baten bategaz negar egiteko beharrizana duzu, barrenak hustekoa", dio.

Laguntza emateko prest
Iratxe Uribelarrea mallabitarrak ere antzeko bizipenak izan ditu. 2014an lehenengo umea galdu zuen, eta 2017an bigarrena. "Bigarrena galdu eta gero, gertaturikoa partekatzeko beharrizana sentitu nuen eta egoera berean zeuden beste familia batzuekin batera elkartea sortu genuen", azaldu du. "Elkartea gertaturikoa partekatzeko espazio bat da, ulertua sentitzen zara. Egoera berean dagoenari esango nioke idazteko, elkarteagaz hartu-emanetan ipintzeko. Behar duenari laguntzeko prest gaude", adierazi du Uribelarreak.

Elkartekoak ez diren kideentzat ere zabalik dago topaketaren ataletariko bat

Esku Hutsiken topaketa 11:00etan hasiko da, domekan, Zuhatzolan. Ongietorria eta dantzarien aurreskua egingo dute lehenengo. Gero, elkarteko kideek elkarri berba egiteko eta entzuteko tartea zabalduko dute. 13:00etan, elkarteko kide ez direnen txanda izango da. Elkarteak harrera egingo die. Eguna poesia eta idatzien irakurketagaz eta bazkariagaz osatuko dute. Amaieran, omenaldia egingo diete galduriko umeei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!