AURREKONTU PARTE HARTZAILEAK

Durangarrak, 24 proiekturen artean botoa ematera deituta

Anboto 2022ko eka. 10a, 09:43

Gaurtik hasita, durangarrek 2023ko aurrekontu parte hartzaileak zein proiekturekin osatuko diren erabakiko dute. Botoa emateko epea ekainaren 26ra arte dago zabalik. Proiektuak partehartu.durango.eus atarian kontsultatu daitezke.

Diru-partida 800.000 eurora artekoa da eta proiektuen artean ur-jolasetarako parkea, bizikletentzako garbigunea, Madalenako ermitaren birmoldaketa, 1.001 zuhaitzen landaketa, frontoi irekiak ipintzea edo komun publiko gehiago ipintzea daude. Durangoko Udalak 2023ko aurrekontu parte hartzaileen azken fasea zabaldu du. Gaurtik hasi eta ekainaren 26ra arte, herritarrek gogokoen dituzten proiektuak bozkatu ahalko dituzte partehartu.durango.eus atarian.

Herritarrek hiru proiektu bozkatu ahalko dituzte gehienez. Horretarako 3, 2 eta 1 puntuko sistema erabiliko dute eta boto gehien lortzen duten proiektuek egingo dute aurrera, betiere, udalak ipinitako diru-poltsa agortu arte. 800.000 euro horietatik 600.000 herriko sei gune edo auzoetako proiektuak garatzeko erabiliko dituzte. Gainerako 200.000 euroak, berriz, herri osorako proiektu orokorretarako izango dira.

"Argi daukagu durangarrei hitza eta erabakia eman behar zaiela, Durango denon artean eraiki behar dugulako. Aurrekontu Partehartzaileak horren adibide dira, durangarrak ahaldundu daitezen eta udalaren erabakietan parte hartu eta erabaki ahal izan dezaten", adierazi dute udal agintariek.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!