“Lihoak lotura estua du gure historiagaz eta gure tradizioekin"

Aitziber Basauri 2022ko eka. 12a, 10:00

Olga Uribek 25 urtegaz eskatu zuen lehenengo ehungailua, Zornotzako artisau azokan Sierra de Cameroseko (Errioxa) artisau bikote bat ehungailu bategaz lanean ikusi ondoren. Bat-bateko maitemina lakoa sentitu zuela dio, eta astebete egin zuen haiekin Errioxan. Harrezkero, geratu barik ikasten jarraitu du. Autodidakta izan da eta askotariko oihaletan oinarrituta atera ditu teknikak. Zetagaz, kotoiagaz eta artileagaz lan egin duen arren, lihoan espezializatu da. Zamua izenpean enkarguz lan egiten du. Betiko bezeroak ditu eta, batez ere, oparitarako piezak egiten ditu: kutxen gainerako oihalak, zamuak (hileta eta bataioetan erabiltzen zen oihala), mahai-tapizak...

Lihoan espezializaturiko ehule bakarrenetarikoa zara, ezta? 
Bai, Bizkaian bakarra naiz. Bilboko Euskal Museoan dauden antzinako lihozko oihalen lehenengo kopiak neureak dira. Orain 15 urte hasi nintzen lihozko oihaletako antzinako teknika aztertzen, eta hori berreskuratzea lortu nuen. Proba mordoa egin ondoren, oihal horien erreproduzioak egiteko ehungailu bat ere egin genuen, Europako iparraldean erabiltzen diren ehungailuetan oinarrituta. Asko gustatzen zait teknika. Lihoak lotura estua du gure historia eta tradizioekin, eta hari horretatik tiraka mordoa ikasi dut.

Lihozko ehuna antzinakoenetarikoa da, Euskal Herrian asko erabili dena; adibidez, ezkontza-apaingarrietan.
Bai, eta Durango oso garrantzitsua izan zen lihozko oihalen produkzioan. Durangoko oihaldunen aurre-ordenantzak izan ziren Errege Katolikoek sinaturiko penintsulako lehenengoak, 1594an. Tradizio handia egon da, baina guztiz galdu da. Belaunaldi berrientzat guztiz ezezaguna da eta ezagutzen ez denak balioa galtzen du. Ezjakintasun horrek pieza asko galtzea ekarri du. Horregaitik, etxe edo baserrietan agerturiko antzinako oihalak bota beharrean, museoetara eroatera animatu gura dut jendea. Niri ere ekarri dizkidate batzuk eta erreprodukzioak egin ditut. Lihoa eta horregaz loturiko artisau lana berreskuratzea da nire helburua, galdu ez dadin. Ia 200 urte dituen ehungailu bat ere badut gordeta, eta lihoa prozesatzeko behar zen tresneria guztia. Egunen batean nonbaiten erakustea dut amets.

Gaur egun lihoa ia ez da erabiltzen. 
Lihoak lan handia eskatzen du eta garestia da. Antzina, familia batek zuen boterearen erakuslea zen. Artileagaz batera lihoa erabiltzen zen batez ere, kotoia sartu zen arte. Lihoak prozesu luzea eskatzen zuen, astuna, eta kotoiak ez; merkeagoa zen, gainera.

Baduzu proiektu berririk esku artean?
Iaz Ekuadorren egon nintzen, hango ehule batzuekin, eta hainbat argazkigaz eta konpromiso sendo bategaz etorri nintzen: hango oihalak aztertzea eta katalogo bat sortzea, hango kultura eta oihalen tradizioa galdu ez daitezen. Perura ere joan gura nuke, hango oihalak aztertzera.

Ehungailu bat erabiltzea ez da lan erraza izango.
Ez da erraza, ez. Denbora behar da. Ehuntzea oso lan zehatza da, pazientziagaz hartu behar da. Bakarrik egin beharreko lana da, distraziorik barik, arreta guztia ipinita

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!