26:11 taldean elkarregaz jotzen zenuten.
Gorka Cabello: Nahiko naturala izan zen guztia, norabide desberdinak genituen eta.
Imanol Erdoiza: Sinplea izan zen, guk entseatu egin gura genuen, ahalik eta gehien. Horregaitik izan zen naturala. Garraioren —Gorka Cabelloren bakarkako proiektua— abestiak jotzeko geratu ginen, eta zeozer desberdina irten zela ikusi genuen.
Victor Durán: Hasieran, abesti bi egiten genituen entseguko. Kontuan hartu behar da talde gaztea garela, otsail aldera hasi ginen honegaz. Asko entseatzeari eskerrak egin daiteke hori. 26:11ren azken entseguetan Paul ere agertu zen; gero, Erasmus programan joan zen, eta orain, bueltan dela, berriro probatzen gabiltza.
Asko entseatzea igarriko duzue.
V.D.: Bai, eta, gainera, asko sinplifikatu dugu guztia, bai konposatzerakoan, baita bestela ere. Horrez gainera, Gorka beti dago idazten, eta, beraz, abestiak nahiko erraz borobiltzen ditugu. Ez dakit zein izan den aldaketa, aurreko konposatzaile eurak garelako berez, baina, orain, asmatu dugulakoan gaude.
Paul Bengoetxea: Heldu nintzenean hartu-emon itzela zutela ikusi nuen, elkarregaz zein ondo konpontzen diren ikusteak harritu ninduen.
'Eskuak beteta' lanean ez duzue publikatu sortutako material guztia.
G.C.: Ez, baliabideengaitik neurri batean. Dena zuzenean grabatu dugu oraingoan, lokalean bertan. Sortuta ditugun beste kantak zatika grabatu gura ditugu, eta horrek denbora asko eskatzen du.
I.E.: Grabazio honetan Parkatu taldeko Beñaten laguntza izan dugu. Materiala utzi digu eta lagundu egin digu; bera barik gatxagoa izango litzateke. Abesti berriek soinu indartsuagoa izan dezaketela uste dugu, eta beste modu batera probatu gura dugu horretarako, zatika grabatuta, edo estudio batean. Ez dakigu, eta oraindino ez dugu erabaki. Dugun egoera ekonomikoa ere ez da oso ona (barrez).
Zelan definituko zenukete egiten duzuen musika?
V. D.: Uste dugu abesti berriek indar gehiago dutela, eta detaile gehiago ere bai. Beste modu batera funtzionatzen dugu eta abestietan ere igartzen da hori. Errepikak ere itsaskorragoak dira, lehenago harrapatzen dira. Lehen, beharbada, lotsa moduko bat genuen sortzerakoan, musika orokorragoa zen, zelanbait esatearren. Orain, asmo bat dugu, egin gura duguna egiten dugu.
I.E.: Grabatzeko, arrazoi bi genituen batez ere. Alde batetik, zelako soinua ateratzen genuen ikusi gura genuen. Bestalde, aurkezpenerako materiala ere badira grabazioak. Victorrek esandakoagaz lotuta, azken abestiak indartsuak dira, bai.
G.C.: Lehenengo EPa ikasketa prozesu bat izan zen, eta oraingoan esan genezake norabide bat dugula. Lehen gehiago zen 'egin dezagun zeozer ea zer irteten den', eta orain, ostera, gehiago da 'hau egin gura dugu, goazen bilatzera zelan egin dezakegun'.
V. D.: Lehen, beharbada, etxetik ia abesti osoak ekartzen genituen, eta orain beste modu batera lan egiten dugu. Lokalera ideia bat ekarri eta bertan lantzen dugu, denok egiten ditugu ekarpenak. Eta hor magia bat sortzen da.
I. E.: Orokortzearren, Gorka popzalea da, Victor metalzalea eta ni punkzalea. Bakoitzaren influentziak desberdinak dira, eta elkarregaz jotzean horrek elkar osatzen du. Bakoitzaren ekarpenak desberdinak dira eta igartzen da.
Baduzue kontzerturik jotzeko asmorik?
I. E.: Ekainaren 16an Durangoko Intxaurre elkartean joko dugu, EguenEro zikloaren barruan. Horrez gainera, ekainaren 24an Durangoko beste hainbat musikarigaz batera joko dugu, Tabirako jaietan. Banda Baffanagaz eta Peio eta Itsuagaz, besteak beste. Udan ez dakigu zer gehiago etorriko den, baina gu geu oso gogotsu gaude. Aurretik, Iurretako Abadetxe gaztetxean eta Durangoko Sorginola gaztetxean jo dugu.
Garraio taldearen diskoa udarako kaleratzeko asmoaGorka Cabello hamar urtegaz hasi zen gitarra jotzen, eta gitarra elektrikoa jotzen hasteagaz batera hasi zen abestiak sortzen. 26:11 edo Ainke taldeetan tokirik ez duten doinuak batzen ditu Garraion. "Bestelako doinuak probatzeko aukera eskaintzen dit proiektu honek", azaldu du Cabellok. Arte Ederretako ikasketak amaitzen dabil durangarra, eta Gradu Amaierako Lana du Garraio. "Instrumentu guztiak neuk jotzen ditut, eta, hain zuzen ere, instrumentu bakoitzaren atzean egotea zer zen sentitu gura nuen; zelan idatzi bateria zatiak, edo baxu zatiak; horixe egin gura nuen", gaineratu du. Abesti solteak kaleratu ditu orain arte, eta orain disko osoa kaleratzeko asmoa du. |