"Durangon bizi diren kultura anitzen arteko elkargunea egin gura dugu, elkar nahastu"

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 10a, 11:00

Gogotsu daude, kozinatzeko gertu, baina, batez ere, elkar ezagutzeko eta aurreiritziak apurtzeko prest. Durangoko parte hartze tailerrak Munduko Arrozak jaialdiaren hamalaugarren edizioa egingo du zapatuan.

Jesuitak ikastetxean 500 bat lagun batuko dira arroza nork bere erara prestatu eta Durango herri anitza dela aldarrikatzeko. Eneko Baseta (Berriz, 1981) izango da jaialdia saltsarik saltsa biziko duen kideetariko bat. Aurtengo edizio honetan "ilusioa" igarri du:  "Munduko Arrozak berriro ere antolatzea lorpen bat da. Ilusio berri bat igarri dut jendearengan. 2019an bazegoen gogoa, baina giroa beste era batekoa zen. Aurten, bizipoza igarri dugu. Eta ahaleginduko gara elkarregaz batu baino, elkarregaz gehiago nahasten. Durangon bizi diren kultura anitzen elkargune bat egin gura dugu", dio Basetak. Ghana, Ekuatore Ginea, Kolonbia, Senegal, Ekuador eta Euskal Herria. Zerrenda azkar bat egitea nahikoa da Jesuitak ikastetxean batuko den aniztasunaz konturatzeko. Aberastasun hori guztia, gainera, herriko hainbat elkartek babestuta egongo da. La otra mirada, Inurri eskaut, Andereak, Batukandra, Zabaltzen, Denbora Bankua eta Jesuiten Etxea jaialdira batuko diren elkarteetariko batzuk baino ez dira. 

Arroza prestatzeko epea zarratuta dagoen arren, badago bertan parte hartzeko aukera. "Jendea elkarteetara joan daiteke, arroza zelan prestatzen duten galdetzeko, giroan sartzeko. Badago parte hartzeko modua", dio Basetak. Horrez gainera, berriztarrak gogorarazi du Durangoko parte hartze tailerra urte osoan dagoela martxan eta elkarteek zein herritarrek zabalik dutela bertan eragiteko aukera. 

Aurreiritzien kontra
Zapatuko jaialdia aurreiritziak baztertzeko ariketa polita izan daiteke, migratzaileekiko aurreiritziak birrintzeko tresna. "Desberdina denari, ezezaguna denari, beti diogu halako mesfidantza bat, baina hori guztia desagertu egiten da zure bizilaguna, auzokidea, ezagutzean. Ultraeskuinaren diskurtsoek ez dute laguntzen. Diskurtso horiek ahalduntzen ari dira, baina, zorionez, baditugu horren kontrako proiektuak. Basauriko eta Getxoko Zurrumurruen Kontrako Taldeak lan polita egiten dabiltza. Irungo eta Atxondoko Harrera Taldeek ere bai", dio Basetak. Batek daki, zapatukoak egitasmo berriak sortzeko ere balioko du beharbada. Eta, dudarik barik, aurreiritziak apurtzen jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!