"Durangon 1.152 etxebizitzak bi urte edo gehiago daramate jenderik gabe”

Anboto 2022ko eka. 10a, 09:30

Gislan kooperatibak Durangoko Etxebizitza parkearen azterketa egin du Durangoko Udalarentzat. Julen Landa Etxeberria izan da datu horiek guztiak landu dituena.

Zein izan da ikerketa honen helburua? 
Azterlan honen helburu nagusia Durangoko etxebizitza parkearen ezaugarriak eta erabilera aztertzea izan da. Hori zen udalaren aldetik jaso genuen egitekoa. Etxebizitza parkeak udalerrian gaur egun dituen problematikei erantzuteko informazio zehatza eskuratu beharra zuen udalak, beti ere ebidentzietan oinarrituta.

Zein datu aztertu dituzue?
Lan hau egiteko udaleko datu gordinak ustiatu ditugu: biztanle eta etxebizitza erroldenak, eta azken bi urteetako ur kontsumoarenak. Bi emaitza nagusi erdietsi ditugu datuon azterketatik. Batetik, Durangoko metabolismo demografikoaren eta etxebizitza parkearen diagnostikoa egin dugu. Ondorioz, Durangoko biztanleriaren eta bizikidetza unitateen orain arteko bilakaera eta hauen etorkizuneko balizko eboluzioa aztertu ditugu lehenik, eta udalerriko etxebizitzen erabilera maila eta hurrengo 15 urteetako etxebizitza beharrak kuantifikatu ditugu. Bestetik, Durangoko etxebizitza parkearen web bisore kartografikoa garatu dugu; udal teknikari eta arduradunek etxebizitzen katalogo geoerreferentziatuaren datuak kontsultatzeko aginte panel bat da, udal gehienek oraindik behintzat ez daukaten tresna berritzaile bat. Hainbat datu iturritako informazioa sistematizatu dugu aginte panelaren bidez, eta udalerriko etxebizitza parkearen erabilerari buruzko datu gaurkotuak mantendu ditzake orain udalak, balizko etxebizitza hutsen erregistro eguneratua uneoro izatearekin batera.

Etxebizitza arloko aurreikuspenak egiteko, garrantzitsua da biztanleria datuak aztertzea. Zein hazkunde izan du biztanleriak azken hamarkada bietan?
Durangok %21,7ko biztanleria hazkundea izan du azken bi hamarkadetan. Epealdi horren barruan jaiotako durangarrak epealdi berean hil direnak baino mila inguru gehiago izan dira.  Horrekin batera, denbora tarte horretan Durangora bizitzera etorri direnak herritik kanpora joan direnak baino 4.500 inguru gehiago izan dira. Ildo horretan, hurrengo 15 urteetan dinamika demografikoak mantentzen badira, Durangoko biztanleria  %8,5 haziko dela eta 32.300 biztanlera iritsiko dela aurreikusi daiteke.

Biztanleriaren adinak zein bilakaera izan du?
Zahartze eta gain-zahartze tasak hurrenez hurren %19,5 eta %6,1eraino igo diren arren, eskualdeko eta herrialdeko balioak baino txikiagoak dira gaur gaurkoz. 20tik 34 urtera arteko pertsonen proportzioari erreparatzen badiogu ia hamar puntu egin du behera Durangon azken hogei urteetan, %15,1eraino. Adin tarte horretan, guztira, duela 20 urte baino 1.600 pertsona gutxiago daudela esan nahi du horrek.

Adinaren eta jatorriaren arabera auzoetan segregazioa antzematen dela diozue.
Bai. Ezkurdi, Sasikoa, San Inazio eta Erretentxu Hego auzoetan, esaterako, zahartze tasa Durangoko batez bestekoa baino 9 puntu altuagoa da. Emantzipatutako gazteen zein estatutik kanpora jaiotakoen bizikidetza-unitateak, berriz, Alde Zahar inguruan kontzentratzen dira.

Gaur egungo etxebizitza parkeak zein ezaugarri ditu?
Familia anitzeko eraikin tipoak dira Durangoko etxebizitza gehienak, 1950 eta 2000. urteen bitartean eraikiak eta tamaina ertain-handia dutenak. Horrek garai bateko bizikidetza-unitateen tipologiari erantzuten dio, baina egungo egoera oso desberdina da. Bizikidetza-unitateen kopurua gora egiten ari da biztanleria hazkundearen eta bizikidetza-unitateen tamaina txikitzearen ondorioz, eta horrek etxebizitza parkearen gaineko presioa handituko du.

Jenderik bako etxebizitzak edo hutsik daudenak ere aztertu dituzue. Etxebizitza huts bat zelan detektatzen da? Zein ezaugarri izan behar ditu?
Etxebizitza baten erabilera baloratzeko, molde desberdinak erabili daitezke. Azterlan honetarako, Eusko Jaurlaritzak 149/2021 DEKRETUAn zehazten dituen irizpideak hartu ditugu aintzat. Dekretu horrek etxebizitza jakin bat jenderik gabeko etxebizitza deklaratzeko legezko kasuak xedatzen ditu. Dagokigun kasurako, Durangoko etxebizitza guztien azken bi urteetako ur-kontsumoetan oinarritu gara, besteren artean.

Etxebizitza hutsen inguruan zein datu atera dituzue?
Azterlanak datu esanguratsuak erakutsi ditu. Durangoko etxebizitza parkearen %10,6, 1.405 etxebizitza zehazki, jenderik gabeko etxebizitzatzat kontsideratu daitezke legalki. Horien %82k, 1.152 etxebizitzak hain zuzen ere, bi urte edo gehiago daramate egoera horretan.

Etxebizitza huts horiek zein auzotan banatzen dira?
Etxebizitza hauen banaketaren patroi espaziala argia da: Alde Zaharrean eta bere inguruko auzoetan kontzentratzen dira, nagusiki. Ezkurdi inguruan ez horrenbeste, baina eremu horretan etxebizitza parkea etxebizitza zaharrak eta tamaina txikikoak izateagatik ezaugarritzen da. Bestalde, etxebizitza hutsen tasarik baxuena duten auzoak etxebizitza berrien proportzio handia duten eremuak dira.

Ageriko erabilerarik ez duten etxebizitzen banaketak auzo mailako desoreka handiak dituela bistakoa da: Ezkurdi (%22,0), Alde Zaharra Hego (%21,6), Alde Zaharra Ipar (%17,5) eta Erretentxu Ipar (%17,3) dira etxebizitza huts proportziorik altuena duten auzoak. Aldiz, San Inazio (%5,2), Murueta Torre (%6,0) eta Ibaizabal (%6,3) dira etxebizitza hutsen tasa txikiena dutenak.

Azterturiko datuak kontuan izanda, zein izan daiteke etxebizitza politiken erronka Durangon?
Durangaldea eta Durango biztanleria hartzen ari dira. Gaur egungo Euskal Herriko geografia sozioekonomikoan kokagune garrantzitsua da Durangaldea. Durangoko kasuan zehazki, beste udalerrietatik datorren presioa aintzat hartu gabe ere, bertako bizikidetza-unitateen kopuruak gora egingo du biztanleria hazten eta bizikidetza-unitateen tamaina txikitzen doan heinean. Horrek etxebizitza parkearen gaineko presioa eta etxebizitza beharrari lotutako problematikak areagotuko ditu ezinbestean. Etxebizitza beharrari lotutako auziaz gain, bizitza proiektu desberdinei lotutako problematikentzat ere erantzunak bilatu beharko dira (emantzipatu nahi duten gazteak, aldi baterako etxea behar dutenak, bakarrik bizitzeko hautua egin dutenak…).

Durangoko gaur egungo etxebizitza parkeak herritarren etorkizuneko etxebizitza beharrei erantzuteko gaitasuna izatean dago, beraz, erronka nagusia. Horretarako, etxebizitza parkearen erabilera optimizatzea izango da gakoetako bat; bestela esanda, gaur egun dauden etxebizitza hutsei zein etorkizunean hutsik geratuko diren etxebizitzei ahal den neurrian erabilera ematea sustatzea. Azken honetara bideratzen diren politikek, era berean, etxebizitza parkea etorkizuneko bizikidetza-unitateen tipologietara egokitzen lagundu beharko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!