“Udan Tabira inguruan egotea hondartzara joatea lakoa da; jendea freskatzera etortzen da”

Anboto 2022ko eka. 7a, 20:00

Parke zabala, uda giroa gerizpeagaz, errekako uraren marmarra, lasaitasuna… Udan Tabira ingurura joatea hondartzara joatea lakoa dela uste du Juan Geraldo Olmedo Talaverak (Lekeitio, 1993), eta Gora-Gora bertako txiringito bihurtu gura dute. Lasai egoteko terraza handiaz gainera, jateko eskaintza zabala ere badute gura duenarentzat. Hawaiiko plater mota den pokeak emateagaitik bereizten dira, baina pizzak, sandwichak eta beste hamaika plater ere eskaintzen dituzte. Udarako duten asmoa kontatu du Olmedok.

Tabira parkearen ondoan Gora-Gora tabernak duen kokapena pribilegiatua iruditzen zait.
Zortea dugu parke zoragarri honegaz. Tabiran sortzen den giroa berezia da. Parke handia, gerizpeak, terraza… Edari bat eskatu eta lasai-lasai egon zaitezke terrazan jesarrita. Udan Tabira inguruan egotea hondartzara joatea lakoa da, jendea freskatzera etortzen da eta Gora-Gora bertako txiringitoa da guretzat. Jendea bertan gustura eta lasai egotea gura dugu.

Edariaz gainera, zeozer jan gura duenak zer aukera dauka?
Askotariko pintxoak ditugu egun osoan, eta gosariak goizetan. Urten zehar, eguenetik domekara bazkariak eta afariak ematen ditugu, baina udan egunero eskainiko ditugu. Gora-Gora bertara etorri daiteke jatera, eta eramateko ere prestatzen dugu. Egia esanda, jendeak geroago eta gehiago eskatzen du eramateko. Alde horretatik, igoera bat igarri dugu azken urteotan. 

Janari eskaintzan, zerk bereizten zaituzte?
Durangon lehenengoak izan gara pokeak eskaintzen. Hawaiiko platera da. Arroza, letxuga edo kinoa ditu oinarrian, eta horren gainean izokina; plater beganoa gura bada Heura gehitu ahal zaio. Gero, beste hainbat osagai dago aukeran eta bezeroak bere gustura aukeratzen du: artoa, azenarioa… Pokeak aukera bat dira, baina denerik dugu: pizzak, kroketak, rabak, fish and chips, oilasko-hegalak, sandwichak… Barietatea eskaintzen ahalegintzen gara.

Zenbat urte daramatzazu zerbitzari Gora-Goran?
Lau-bost urte. Dagoeneko bertako sentitzen naiz.

Zer dohain behar ditu zerbitzari on batek?
Zerbitzari on batek bere ogibidea eta zereginak ondo ezagutu behar ditu eta ordenatua eta garbia izan behar du. Gainera, jendeagaz tratatzen jakin behar du. Hurbileko tratua, baina pasatu barik; hurbilekoa eta, aldi berean, errespetuzkoa. Bezero mota bi daude; egunero etortzen direnak eta noizean behin datozenak. Noizean behingo bezero bat bezero finko bihurtzea sentsazio zoragarria da zerbitzari batentzat. Azken batean, bezeroak dira horrelako negozio baten bizia. Taberna, jatetxe edo kafetegi batek jendea mugitzen badu, negozioak funtzionatzen duen seinale da. Hemen jendea eta mugimendua izaten ditugu, eta hori pozgarria da guretzat. 

Beste ezer gehitu gura duzu?
Jendea Gora-Gorara etortzera animatu gura dut. Ez da damutuko. Tabira eta inguru hau leku ederra da lasai egoteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!