“Aldaketak kolektiboa izan behar badu ere, eguneroko erabaki txikiek ere eragiten dute”

Aritz Maldonado 2022ko eka. 7a, 09:19

COVID-19aren pandemiak eragindako parentesiaren ondoren, bueltan da Jaurlaritzaren Gazteak Lankidetzan programa. Egitasmo honen helburu nagusia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak garapenerako eta elkartasunerako lankidetza arloan sentsibilizatzea da. Durangaldeko hainbat gaztek parte hartuko dute programan, besteak beste, Amaia Baseta durangarrak. Peru iparraldean dagoen Trujillo hirira joango da udan, hango eskola batean lan egitera; 2014ko datuen arabera, 800.000 biztanle inguruko hiria da. Basetak hango errealitatea ezagutzea du helburu.

Perura joatekoa zara udan. Zelako esperientzia biziko duzula uste duzu?
Programa honetan Gobernuz Kanpoko Erakundeek parte hartzen dute, eta bakoitzak bere proiektuak garatzen ditu. Hautaketa prozesu bat egoten da eskatzaileen artean, hainbat alorretako kideak behar dituzte eta. Nire kasuan, Serso GKEaren proiektuan parte hartuko dut. Hau da, familia desegituratuetako umeekin lan egingo dut. Durangoko beste kide bategaz noa hara; eta beste lagun bat Yungayra (Peru) joangoa da. Hirurok hezkuntzagaz eta gizarte zerbitzuekin zerikusia duten proiektuetan lan egingo dugu. Azkenik, nik dakidala, Iurretako beste gazte batek ere parte hartuko du aurten Gazteak Lankidetzan programagaz; biologoa da bera, eta Mexikora joango da udan, ingurugiroaren garapenagaz zerikusia duen proiektu batean parte hartzera.

Esan dudan moduan, desegituratuta dauden umeekin lan egingo dut, baina hasieratik argi utzi digute ez dugula ezer ere aldatuko. Programaren helburua sentsibilizazioa da; hau da, guk kontzientzia hartzea beste leku batzuetan zein errealitate dauden, eta munduan zelako desorekak dauden konturatzea, gero gure inguru hurbilekoan eragin dezaketen erabakiak hartzeko. 

Egonda zaude Perun?
Hegoamerika osotasun baten modura hartzen da sarritan, baina herrialde bakoitza desberdina da. Ni Txilen egon naiz, batez ere; oso desberdinak dira, baina badituzte antzeko gauza batzuk. Esperientzia honek kontzientzia hartzeko balioko didala esango nuke, eta zuria izateagaitik edo hemen jaiotzeagaitik pribilegioak ditudala konturatzeko beste behin ere.

Aldaketak kolektiboa izan behar badu ere, eguneroko erabaki txikiekin ere politika egiten ari gara, eta eragiten da.

Zenbat iraungo du egonaldiak?
Uztaila, abuztua eta iraila emango ditugu han, osorik. Gero, itzultzean, ardura batzuk izango ditugu hemen. Esperientziari buruzko hausnarketak egin behar dira programarako. Gero, programaren arabera ere, beharrezkoa izan daitekeen kasuetan profesionalen laguntza eskainiko da, bizitako esperientzia kudeatzeko eta bideratzeko. Proiektuaren arabera izango da, baina esperientzia batzuk gogorrak izan daitezkeela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!