Durango Rugby Taldeak 'Tabirra' Garagardo Azoka antolatuko du ekainaren 16tik 19ra Landako Gunean

Anboto 2022ko eka. 6a, 20:17
Ezkerretik hasita: DRTko Iker Mendieta, Juan Antonio Sanchez 'Poti', Jon Elguezabal eta Jose Ignacio Azurmendi 'Txusmen', Durangoko Udaleko Ane Abanzabalegi eta Jorge Varela, eta DRTko Gonzalo Uribe.

Balorazioa positiboa bada, urteroko hitzordu bihurtzea da asmoa.

Durango Rugby Taldeak (DRT) garagardo azoka bat antolatuko ekainaren 16tik 19ra, Durangoko Landako Gunean. 'Tabirra' izena jarri diote ekimen berriari eta Durangoko Udalaren eta La Salve garagardo enpresaren laguntza du. 

DRTko aurreko zuzendaritzatik dator ideia. Pandemiak asmoa geratu egin zuen eta orain, egoera hobetu denean, ekimena berrartzea erabaki dute. "Rugby kluba gara, baina taberna bat ere badugu eta ostalari ere sentitzen gara. Durangori beste ekimen bat eskaini ahal geniola sentitzen genuen", adierazi du ekimeneko aurkezpenean klubeko Iker Mendietak.

Tabirra datorren asteko eguenetik domekara egongo da zabalik, Landako Guneko lehenengo moduloan, hau da, aurreko aldean. Hamar bat metroko luzerako barra bi egongo dira alde banatan. Barra bakoitzean hamar bat 'kañero' edo garagardo-banagailu egongo dira, askotariko La Salve garagardo motekin. Alkohol bako garagardoa eta garagardo artisauak ere egongo dira. Sarrera doakoa da. Dirua fitxengatik aldatuko da sarreran eta horrekin ordainduko dira garagardoak. Barretako txanda guztiak bolondresekin beteko dituzte.

Food Truck bat ere egongo da, Gesalagaren eskutik; kroketak eta hanburgesa txikiak eskainiko dituzte, besteak beste. Barra bien artean, berriz, lasai egoteko mahaiak eta aulkiak egongo dira.

Ekimen berria urteroko bihurtu gura dute eta urterik urtera eskaintza handitzen eta hobetzen joatea da helburua.

Durangoko Udaleko Ane Abanzabalegik errugbi kluba zoriondu du egiten duen lanagatik. "Durangori asko eskaintzen diozue eta seguru etorkizunean ere eskaintzen jarraituko duzuela", adierazi du.

ORDUTEGIA

Ekainak 16, eguena:

  • 19:00etatik 22:00etara.

Ekainak 17, barikua:

  • 19:00etatik  00:00etara.

Ekainak 18, zapatua: 

  • 12:00etatik 00:00etara.

Ekainak 19, domekan:

  • 12:00etatik 18:00etara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!