"Uda Lagako hondartzan surf ikastaroak ematen pasatuko dut”

Jone Guenetxea 2022ko eka. 6a, 19:30

Jon Arenaza durangarraren hurrengo hileetako plana surfagaz lotuta egongo da. Lagako Ogoñope klubean surf irakasle dabil, boluntario. 12 urtegaz hondartza horretan egindako ikastaro batean sortu zitzaion surferako zaletasuna. Orain, beste hasiberri batzuei irakasten die surf egiten

Zelan pasatuko duzu uda?
Klub bateko kidea naiz eta uda surf ikastaroak ematen pasatuko dut, boluntario. Ez da enpresa bat, ezta negozio bat ere. Elkarte horretako surf eskolan egongo naiz.

Zein klub da?
Ogoñope deitzen da. Klubak hainbat ekitaldi antolatzen du udan zehar. Gainera, Ogoñope Surf Eskola ere badauka. Eskola hau ume eta gazteei bideratuta dago.  6tik 16 urtera arteko gazteak etortzen dira. Batez ere, uda sasoian izaten da. Durangaldeko eskoletatik ere etortzen dira surf egiten ikastera: Maiztegikoak, Elorriokoak... Surfa probatu gura duenak helbide honetan izena eman dezake: ogonopesurfeskola@gmail.com.

Noiztik zabiltza surfean?
12 bat urtegaz hasi nintzen surfean. Lau bat urte daramatzat surf eskolan laguntzen. 

Zelan sortu zitzaizun zaletasuna?
Gurasoei hondartza eta Laga gustatzen zaie. Gaztetxotan Durangoko igerilekuetara joaten ginen, baina arreba eta biok nekatzen hasi ginen. Hondartza eta olatuak gura genituen. Lagara joaten hasi ginen eta han lagunak egin genituen. Azkenean, handik irten barik egoten ginen. Nire lehenengo surf ikastaroa bertan egin nuen, Ogoñopen. Orduan sortu zitzaidan surferako zaletasuna. Gainera, klubeko bazkide egin nintzen. Sasoi hartan, klubean ikastaroa eginda bazkide egiten zinen. 

Uda hondartzan boluntario lanetan eman arren, profesionalki zertan diharduzu?
2016an jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzia gradua amaitu nuen  eta 2017an hezkuntzako masterra egin nuen. Mundu hau gustuko dut, baina irakaskuntzan oso zentratuta nago. Hainbat eskolatan ibili naiz lanean. Orain, esparru horretan zabaltzeko asmoz, Lehen Hezkuntzako gradua ikasten hasi naiz. 

Zeintzuk dira zure lekurik gogokoenak surfean aritzeko?
Oso Lagazalea naiz. Egia esan, hemendik ingurutik ez gara asko mugitzen. Bidaiaren bat egiten dugu lantzean behin, Galiziara eta Landetara.

Bidaia luzeago bat surf egiteko?
Indonesiara izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!