“Ikastetxeetan hezkidetza eta berdintasuna landu arren, ipuin klasikoak hausnarketa horretatik kanpora geratu dira”

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 6a, 13:55

Ane Fernández Miguel (Durango, 2000) Haur Hezkuntzako Gradua amaitzen dabil. Aste gutxi barru defendatuko du Gradu Amaierako Lana, unibertsitateko tribunalaren aurrean. Durangoko ikastetxeetako liburutegietan dauden ipuin klasikoak eta ilustrazioak aztertu, eta Bizenta Mogel Bibliotekan daudenekin alderatu ditu. 

Ipuin klasikoak, Bizenta Mogel Biblioteka eta Durangoko ikastetxeetako liburutegiak batu dituzu zure ikerketan.
Eskolen eta Bibliotekaren arteko hartu-emana aztertu gura izan dut, gero euren arteko zubiak sortzeko. Praktikak egin nituenean, eskoletako liburutegietako ipuinak zaharrak zirela konturatu nintzen, eta, ostera, Bizenta Mogel Bibliotekakoak gaurkotuak eta esanguratsuak zirela. Horixe izan da abiapuntua. Gero, eskolei proposamen bat helarazi gura izan diet, Bibliotekan dauden baliabideen berri emanda. 

Zer topatu duzu eskaintzen diren ipuin klasikoetan?
Eskoletan dauden 120 bat argitalpen aztertu ditut, eta ikusi dut ia liburu guztiak edizio zaharrak direla. Irudi aldetik estereotipatuak. Gaur egun eskolak hezkidetza eta berdintasuna lantzen dabiltza, baina han dituzten ipuin klasikoak hausnarketa horretatik kanpora geratu direla esango nuke. Adibidez, liburu horietan jasoriko Edurnezuri eta gaur egun Edurnezuri errepresentatzeko dagoen era oso ezberdinak dira. Gero, elemetu paratestualak daude. Hau da, letrek diotena kontuan hartu barik, mezu bat helarazten duten elementuak. Liburuaren forma, trokelatua, gramajea zein tipografia. Egungo eskaintza desberdina da.

Eta horri guztiari irtenbide bat eman diozu Bizenta Mogel Bibliotekaren bitartez. Hau da, proposamen bat helarazi diezu ikastetxeei.
Diagnosia egin eta gero, formakuntza eta ipuin kontalaritza saioak antolatu ditugu ikastetxeentzat. Saroa Bikandi ipuin kontalariak testurik bako hiru txerritxoen liburu bat hartu eta kontakizuna egin zuen ikastetxeetako irakasleen artean. Arte Ederretan lizentziatuta dagoen eta magisteritza eskolako irakasle den Miriam Peñak elementu paratestualen inguruko formakuntza saioa eman zuen. 

Zelako harrera izan du proposamenak ikastetxeetan?
Ikastetxeek ikusi dute Haur Hezkuntzako etapa apur bat aldenduta geratu zaiela. Orain Bibliotekan eskaintzen denaren berri dute. Beste liburu mota batzuk ezagutzeko aukera izan dute. Besoak zabalik hartu naute eta oso esker oneko nago eurekin. Egia esan, oso harrera ona izan dute proiektuagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!