Durangoko Udala estrategia-plan berri bat prestatzen hasi da naturako elementuak herrigunean integratzeko. Proiektu bi hasiko ditu horretarako. Astolarako bidean egingo dute bat. Proiektu pilotua izango da. Zuhatzolan egingo dute bestea, teorikoa. Planari aurre egiteko bost bloke nagusi antolatu dituzte: kaleetako zuhaiztia, berdeguneak, gune grisak (aparkalekuak, espaloiak, plazak), errekak eta lorezainak. Udal iturrien berbetan, erronka "behar-beharrezkoa da Durangok klima aldaketagatik bizi dituen arazoei" eta "etorkizunean egon daitezkeenei -uholdeei, bero-uharte efektuari, airearen kalitateari eta ingurumen-osasunari" aurre egiteko.
Bestalde, udalak gaia lantzeko saio parte hartzailea antolatu du ekainaren 8rako, eguenerako. Ekainaren 6tik irailaren 6ra bitartean modu digitalean parte hartu ahalko da proiektuan, www.berdeguneak-partehartudurango.eus atarian.