Fundifes botatzeko eguna ailegatzeko zain

Anboto 2022ko eka. 3a, 20:00

Durangoko Udalak adierazi du garai bateko fundizioa botatzeko lanak "datozen asteetan" hasiko direla, bertako amiantoa erretiratu ostean. EAJk "positibotzat" jo du eraikina botatzea, bertan "proiektu estrategiko bat" kokatuko delako.

Ez dago data zehatzik, baina kontuak mugitzen ari dira. Durangoko Udalak iragarri du Sprilur "laster" hasiko dela Fundifes lantegia izandakoa botatzen; "datozen asteetan". Udalaren arabera, Sprilurrek horretarako baimen guztiak jaso ditu, eta hondakinak erretiratzeari ekingo dio aurki. Lanetan amiantoa bezalako hondakin arriskutsuak daudela eta, udalak ruina egoeran dagoen zatia "berehala" botatzea "agindu" dio Sprilurri.

"Proiektu estrategikoa"

EAJk "positibotzat" jo du udalak Fundifes botatzeko baimena eman izana. Mireia Elkoroiribe bozeramailearen berbetan "hori beste urrats bat da Durangok bere etorkizunerako estrategikoa izango den proiektu bat izan dezan". 

Iaz, Sprilurrek Fundifesen orubea erosi eta akordio bat egin zuen Maristak ikastetxearekin. Instalazioak bota eta lurrak garbitu ondoren, ikastetxearentzako eraikin berria bertan eraikiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!