Ikasketak eta praktikak amaituta, lan mundura irteteko gertu daude Maristak ikastetxeko 190 ikasle

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 3a, 13:06

Guztira 112 izan dira Maristetako ikasleak praktiketan hartu dituzten enpresak. Aurten, ikastetxeak aitortza berezia egin dio urtero praktika ikasleak hartzen dituen Tabira Berezi informatika enpresari.

Gehienek praktikak egin dituzte enpresetan. Beste hainbatek formakuntza duala jaso dute. Batzuek amaituta dituzte praktikak. Beste batzuek amaitzear. Baina argi dagoena da lan mundurako prest daudela dagoeneko. Maristak ikastetxeko 190 bat ikaslek ikasketak amaitu izanagatiko diplomak jaso dituzte. Ekitaldia eguerdi honetan egin dute, ikastetxeko patioan, praktiketako ikasleak jaso dituzten enpresetako kideak eta tutoreak lagun. Guztira 112 izan dira Maristetako ikasleak praktiketan hartu dituzten enpresak.

Aurtengo ekitaldian, Maristak ikastetxeak Tabira Berezi informatika enpresa durangarraren konpromisoa aitortu du. Tabira Berezik hamar urte baino gehiago daramatza Maristetako ikasleak praktiketan hartzen. Informatika ikasleak hartzen ditu gehienbat, baina baita administrazio eta finantza ikasten ari direnak ere. Paule Sánchez Tabira Bereziko kideak jaso du aitortza: "Praktikaldien aldeko apustua gero eta argiagoa da. Espezializatutako eskulana gero eta estimatuagoa da. Praktikak harrobia dira etorkizuneko langileentzat", adierazi du. Urteetako konpromisoa duen beste enpresa bat Bruss da. Brussek ere dozena bat urte baino gehiago daramatza Maristetako ikasleak praktiketan hartzen. Robotika, automatizazioa zein mekanizatua. Askotariko ikasleak hartzen dituzte. Kepa Arana Brusseko arduradunak adierazi du "enpresetan gero eta beharrezkoagoak" direla "arazoak konpontzeko gai diren pertsonak". Horrez gainera, Aranak ikasleen "haize freskoa" aldarrikatu du, "enpresetako pentsaera-molde zaharrekin amaitzeko haize freskoa".

Bestalde, Daniel Irazola Maristetako zuzendariak eskerrak eman dizkie praktika ikasleak hartu dituzten enpresa guztiei. "Denei eskerrak profesionaltasuna garatzen dugu. Ikasteko gaitasuna, elkarlana eta pentsatzeko era desberdin bat", adierazi du.

Eskaintza anitza

Maristak ikastetxeak 1994an ekin zion ikasketak enpresetako praktikekin tartekatzeari. Uneotan Oinarrizko Lanbide Heziketa, Erdi Mailako Lanbide Heziketa eta Goi Mailako Lanbide Heziketa zikloak eskaintzen ditu. Administrazioa eta finantzak, elektronika, mekanizatua, diseinu mekanikoa, informatika sareak, zibersegurtasuna eta robotika dira eskaintzen dituen ikastetetako batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!