Zergaitik Aramotz?
Gazte Klik Klak lehiaketak arte grafikoak sustatu gura ditu gazteen artean, argazkigintza eta bideogintza batez ere. Lehiaketa zati bitan dago banatuta. Lehenengo zatian 'utopia' zen gaia, eta bigarrenean gaia librea zen; hortaz, argazki proiektu oso bat egin behar duzu, eta, ostean, egikaritu. Nik gai sozialak ditut gustuko, baita argazkilaritzarako ere, eta memoria historikoa ere oso gustuko dut. Sarritan ez gara pentsatzera gelditzen, ez dugu pentsatzen non bizi garen edo nondik gatozen, eta hori oso adierazgarria da; Tetrapackerako, hori aukeratu nuen. Martxoan Aramotzera lekualdatu nintzen eta auzoak liluratu egin ninduen. Apur bat ezagutzen nuen, eta duen historiak harrapatu egin ninduen. Auzoa zelan eraiki zen, Herria elkartearen inguruan sorturiko mugimendua zelan sortu zen eta honek auzoan edukitako eragina ikertzen hasi nintzen; horren ostean, Jon Irazabal 'Kata'-gaz batzen hasi nintzen, historiaren testuingurua kokatzeko.
Proiektua lau zatitan banatua dago. Alde batetik, etxebizitzen esleipenen kontratu originalak daude; 1955ekoak dira, Herria elkarteak utzitakoak. Garai harrtako argazkiak ere utzi dizkidate. Nire argazkien artean, denerik dago. Auzokoak daude, etxebizitzak kanpotik, eta baita barrukoak ere. Erretratuak ere badaude, besteak beste, auzoko bizilagun adinduenenak; Juanitaren erretratu bat ere bai; Juanitak 97 urte ditu, eta astebururo jaisten da bere ardotxoa edatera eta kroketak jatera. Auzoan zabalik jarraitzen duten komertzio bien argazkiak ere badaude: Ignacioren eta Carmentxuren ile-apaindegiek 30 urte baino gehiago daramate zabalik. Estilo aldetik ere, argazki desberdinak daude, koloretan eta zuri-beltzean ere bai.
Zergaitik da garrantzitsua memoria historikoa?
Memoria beti interesatu zait gai modura; gainera, memoria hori eraikitzeko funtsezkoa iruditzen zait argazkilaritza. Atzera begiratu, eta zer zen eta zer bilakatu den ikusteko baliagarria da, bai jendea, eta baita tokiak edo espazioak ere. Atzera begiratu, eta gaur egun dagoenaren garrantzia nabarmentzeko ere balio du. Aramotzek izandako bilakaera ikusi daiteke erakusketan; Durangon, Aramotz, San Fausto, Juan de Iciar eta beste auzo batzuk ez dira inoiz ere kontuan hartu, eta bere garrantzia ematea garrantzitsua da.
Aramotz izaera handiko auzoa da. Bizilagunekin batzerakoan, auzoak eurentzat zer suposatzen duen galdetu nien. Deneriko erantzunak egon ziren, baina guztiek zioten pozik bizi zirela. Hortik erakusketaren izenburua. Baztertuak izan arren, pozik bizi zirela azpimarratu zuten. Zuten estigmaren gainetik, auzoan proposamen asko egiten zituzten, eta baita aldarrikapenak ere.
Baduzu asmorik erakusketa Durangora ekartzeko?
Bai, asmoa bai. Sariketari eskerrak, proiektua ZAS kolektiboak tutorizatu du; besteak beste, Nuria Perez Cárcamo eta Jorge Salvador argazkilari arabar ezagunek osatzen dute kolektiboa. Erreferentziazkoak dira. Horrez gainera, eta oso garrantzitsua da nire ustetan, erakusketaren eta proiektuaren jabetzagaz neu geratzen naiz. Hortaz, nire esku geratzen da toki batera edo beste batera mugitzea. Erakusketa Durangora ekartzea proiektua borobiltzea litzateke. Gasteizko inauguraziora auzotarrak eraman gura nituen, baina bideraezina izan zen. Erakusketa Durangon egonez gero, Aramotzeko bizilagunak eta gainerako durangarrak ikustera joateko moduan egongo ziren. Hasieran mesfidati zeuden; azken finean, ez da erraza norberaren etxera inori sartzen uztea, baina proiektuak aurrera egin ahala eurak ere gusturago sentitu ziren. Zoragarria litzateke Durangora ekarri ahal izatea, Ezkurdi aretoan ipintzea, edo museoan. Neurri batean, horregaitik idatzi nuen proiektua: ez dut obra bakarrik ikusarazi gura, proiektua bera auzoari buruzko hausnarketa lez aurkeztu gura dut.
Baduzu beste proiekturik esku artean une honetan?
Beste proiektu bi ditut martxan. Alde batetik, urtaroek gorputzean duten eraginari buruzko lan bat egiten nabil; naturaren eta gizakiaren hartu-emanari buruzkoa da. Besteak memoria historikoagaz du zerikusia. El mapa que habito deitzen da eta bizitzan zehar gauden lekuekin osaturiko argazkiak dira ardatza. Durangoko, Iurretako, Betoñoko (Araba) argazkiak daude; une honetan, Bartzelonako prozesuan nago murgildurik; lau urte eman nituen han bizitzen. Lekuek nigan eta nik lekuetan utzitako arrastoa erakusten ahalegintzen naiz.