"Durangon geroago eta udaleku eskaintza zabalagoa egonda, Berbarokora hainbeste gazte etortzea oso pozgarria da"

Jone Guenetxea 2022ko eka. 5a, 10:20

Irati Fernandez Iriondo (Durango, 1997) eta Ireder Angulo Elexpe (Durango, 1999) buru-belarri dabiltza lanean Berbaroko udalekuen antolaketan. Euskara eta aisialdia uztartuta, ume eta gazteen gozamenerako ekintzak antolatzen dituzte. Gaztetxotan udalekuetara joaten ziren eta orain eurak dira arduradunak. 

Ireder, gazte arloko teknikari legez, zelan zabiltzate udalekuak antolatzen?
Ireder Angulo: Ondo doa. Martxel Zubiak, Eneko Iraetak eta hirurok bost udalekuen ardura geure artean banatu dugu. Ni Mendigorriakoaz eta ibiltari txikiaz arduratuko naiz. Hilabete barru hasiko direnez, azkenengo prestaketekin gabiltza, gurasoekin bilerak eta horrelakoak egiten. 

Irati, zu Udan Olgetanen koordinatzaile arituko zara. Zelan doa prestaketa hori?
Irati Fernandez:
Udan Olgetanen 4tik 10 urtera arteko umeek parte hartzen dute. Talde bi daude, txikiak eta handiak. Lau aste iraungo dutenez, txanda bitan parte hartu daiteke. 95 umek parte hartuko dute.

Zein eskaintza duzue udaleku itxietara doazen ume eta gazteentzat?
I.A.: Ibiltari handian eta txikian 60na gaztek parte hartuko dute. Mendigorrian ere bai. Larraulera 45 bat ume joango dira. Azken hauek txikiagoak direnez, LH3-LH4. mailakoak, gehiago kostatzen zaie.

Aurreko urteetako udalekuak ezohikoak izan ziren. Aurten zein harrera izan dute udalekuek?
I.A.: Oso harrera ona izan dute. Gehienetan zozketa egin behar izan dugu, eta, beraz, batzuk kanpoan geratu behar izan dira. Durangon geroago eta udaleku eskaintza zabalagoa dago eta aurten ere gugana hainbeste gazte etorri izana oso pozgarria da. 

COVID neurriak guztiz desagertu dira aurten?
I.A.: Bai, normaltasunez antolatzen gabiltza. Azken orduko aldaketarik ezean, horrela izango da.

Udalekuak hasten direnean, zein lan tokatuko zaizue egitea?
I.A.: 10-12 gazte izaten ditugu hezitzaileko. Ratioak zehaztuta daude. Nik bulegotik koordinatzen dut. Pena ematen dit udaleku itxietara ez joatea, baina bisitan joango naiz.
I.F.: Ni Udan Olgetanen egongo naiz umeekin, eta koordinatzaile. Iaz ere lan horretan egon nintzen. 

Zelan gogoratzen dituzue zuek gazteagoak zineteneko udalekuak?
I.A.: Oso pozik. Neure lehenengo udalekuan Mendigorriara joan nintzen Berbarogaz. 10 urte nituen. Orain, Berbarotik udaleko hori antolatzen nabil. Ibiltarietan ere ibili nintzen. Denek eman didate zeozer. 
I:F.: Ni ere udalekuetara joaten hasi nintzenetik Berbaron egon naiz. Udan Olgetanen hasi nintzen eta udaleku itxietan ere egon izan naiz. 

Zer daukate Berbaroren udalekuek urtero hainbeste ume eta gaztek izena emateko?
I.A.: Oso etxekoak direla esango nuke. Bulegoan dauden lankideak ia betidanik ezagutzen ditut. 
I.F.: Jendeak errepikatu egiten badu, zeozergaitik izango da. Udalekuetara joaten nintzenean asko gozatzen genuen eta egin genituen hartu-emanak mantendu egiten ditugu gaur egun. Hori oso aberatsa da.

Anekdotarik ere izango duzue. Ibiltarietan denerik pasatuko da.
I.A.: Ibiltarietan askotan euria egiten du eta kanpin-denda hartu eta beste leku batera joan behar duzu, aterpera. 
I.F.: Ilea moztu eta horrelakoak ere egiten dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!