Umetatik, mailarik maila makina bat domina irabazi duzu. Baina, beharbada, Malagakoa izango da denetan bereziena.
Bai. Azken batean, txikitatik amestu dut horrelako domina bat irabaztea. Momentu zoragarria izan zen eta zapore berezia dauka.
Sorpresa izan zela esan dezakegu?
Tira, egunero nabil lanean horrelako dominak irabazteko. Asko entrenatzen naiz. Azken urteetan nire garapena oso ona izan dela uste dut eta lan ona egin nezakeen konfiantza izan dut. Beraz, ez nuke esango sorpresa bat denik ere. Domina bat irabazi nezakeela uste nuen.
Lehia bera alde batera utzita, zelako esperientzia izan da Malagako asteburua?
Esperientzia harrigarria izan da. Iñakik [Salas, bere entrenatzailea] betidanik erakutsi dit egiten dudan denagaz gozatzen eta esperientziak topera bizitzen. Malagakoa nire kirol ibilbideko astebururik bereziena izan da. Domina irabazi zein ez. Dominarik irabazi ez arren ere berdina esango nuen.
Datorren asteburuan Europa mailako beste txapelketa bat duzu, Austrian. Malagako emaitza ikusita, exijentzia maila handiagoagaz joango zara?
Ez. Aurreko batean horri buruz berba egiten egon nintzen Iñakigaz. Helburuak ez dira aldatu, nahiz eta Malagan domina bat irabazi. Exijentzia maila ez da handitu. Exijentzia igoz gero, helburuak ez betetzeko eta sentsazio txarrekin geratzeko arriskua dago. Beraz, ez dut horrelakorik egingo.
Munduko ranking orokorrean sartzen hasi zara eta gorantza zoaz apurka.
Bai. Hain zuzen ere, Malagara joateko arrazoietariko bat rankingean sartzea eta bertan postu batzuk irabaztea zen. Malagakoaren aurretik 69. postuan nengoen, eta orain 42. nago.
Gogor entrenatzen zara helburuak lortzeko.
Astelehenetik zapatura entrenatzen naiz. Goizetan alderdi fisikoa, ordu bitan, eta arratsaldeetan teknika, beste ordu bitan.
Eta ikasketei dagokionez, zertan zabiltza?
Psikologia ikasketak egiten nabil.
Kirolari batentzat baliagarria izan daitekeen jakintza?
Oraingoz ez. Orain psikologia orokorra ikasten nabil. Baina, aurrerago, kirol arloko psikologian zentratu gura dut, eta hori baliagarri izango zaidala uste dut.
Bizitzako esperientzietatik ere atera daitezke ikasgaiak.
Bai. Bizitzak porrota asimilatzen jakin behar dela erakutsi dit, eta denboragaz ondo ikasi dut hori. Txikitan ezin nuen eraman galtzea. Gerora, galtzea ikasteko prozesuaren parte dela konturatu nintzen. Galtzean egiten dizkiozu galderarik onenak zeure buruari. Eta, benetan diot, prozesu hori kirol honegaz gozatzearen parte da niretzat. Gainera, uste dut galtzea beharrezkoa dela irabaztearen poztasuna bere osotasunean bizitzeko.
Eguneko orduak ondo beteta dituzu.
Bai, konpleto ditut. Umetatik argi izan dut judoa praktikatu eta psikologia ikasi gura nuela. Dena bateratzea gatxa da, baina gustura nabil.
Judorako afizioa umetatik datorkizu?
Bai, zazpi urtegaz hasi nintzen. Egia esan, hasiera-hasieran ez ninduen konbentzitzen, baina aitak jarraitzeko gomendatu zidan, eta neure buruari aukera bat ematea erabaki nuen. Apurka-apurka bere puntutxoa aurkitu nion eta egunetik egunera dibertigarriagoa iruditzen zitzaidan. Zaletu egin nintzen, eta halantxik jarraitu dut gaur egunera arte.
Zeu zara zeure buruaren kritikorik handiena?
Bai, betidanik. Judoagaz, ikasketekin eta bizitzan egiten dudan gauza guztiekin. Eta kritikotasun puntu hori falta zaidanean, hortxe dago Heda, nire ahizpa gaztea, gogorarazteko (barreak).
Etorkizunera begira, zer amets betetzea gustatuko litzaizuke?
Nire ametsa Los Angeleseko Joko Olinpikoetan parte hartzea da, 2028an. Ametsa baino ez da, baina pentsatuta bakarrik oilo-ipurdia jartzen zait.