Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Tabirako igerilekuak ekainaren 15etik aurrera egongo dira erabilgarri. Denboraldi berria izurri garaiko murrizketa barik egingo dute. Ordu-txandarik barik, 1.900 lagunentzako edukieragaz eta ordutegi zabalagaz: uztailean 10:30etatik 21:00etara egongo da zabalik igerilekua. Abuztuan, 9:00etatik 21:00etara.
Horrez gainera, aurtengo denboraldi honek berritasun batzuk izango ditu. Hasteko, app berri bat. Udalak sakelako telefonoetarako aplikazioa sortu du: Durango Kirolak izenekoa. Tresna horren asmoa da igerilekura "modu errrazago eta azkarrago" batean sartzea, "batez ere asistentzia handia dagoen egunetan ilara luzeak ekidinda". Aplikazioa iOS eta Android sistemetan egongo da erabilgarri. Udal iturriek jakinarazi dutenez, tresna digitalak web orriaren funtzio berdinak izango ditu.
Kirolene Tabirara eraman guran
Aldagelei dagokienez, udalak jakinarazi du martxan ipini duela azpiegitura zaharra botatzeko eta berria eraikitzeko prozesua. Eta gaineratu du, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari dela Kirolene zentroa bertara eramateko. Udalaren asmoa da Kirolene etorkizunean Tabiran egotea. Baina momentuz ez da izango. "Eusko Jaurlaritzak azpiegitura berria egiteko erabiltzen dituen epeak direla", udalak dio "ezinezkoa" dela aldagelen proiektua "berehala martxan jartzea". Horregatik, udalak , "aldagelak bota eta berriak eraikitzeko prozesua" egingo du lehenengo.