Gazte Topagune Sozialista egingo dute uztailean Durangon

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 30a, 20:00

Uztailaren 20tik 24ra bitartean, Durango Euskal Herri osotik ailegatutako gazte sozialisten topaleku izango da. Topagunea Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatu dute.

Militanteen arteko indarrak batzeko, hausnartzeko, ezagutzera emateko, eta zergatik ez; ondo pasatzeko ere bai. Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek Gazte Topagune Sozialista egingo dute Durangon, uztailaren 20tik 24ra bitartean. "Euskal Herriko eskualdeetan zehar antolatuta gauden militanteen arteko topaleku bat izango da. Gure estrategiak zeintzuk diren, zein lanketa egiten ari garen, hori guztia elkarrekin partekatzeko tarte bat eskainiko du Topagune Sozialistak", adierazi dute egitasmoa antolatzen ari direnek.

Programazioa oraingoz zarratu barik dute; baina aurreratu dute lau egunetan zehar "aisialdi eskaintza zabala" egongo dela. "Formakuntza saioak, mahainguruak, tailerrak eta berbaldiak antolatuko ditugu. Bestalde, zapatuan seguruenik (uztailaren 23an), kontzertu potoloak egongo dira", iragarri dute antolatzaileek.

Hirugarren edizioa

Lehenengo Gazte Topagune Sozialista Azpeitian (Gipuzkoa) egin zuten 2019ko ekainean. 2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan zuten izurriagatik. Iaz, berriz, antolaketa lanei berrekin zieten eta udazkenean Altsasun antolatu zuten Topagune Sozialista. Aurtengoa izango da hirugarren aldia, Durangokoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!