ANBOTOko kideek, Durangaldeko artistak eta kulturgileak lagun, Anbotokide kanpaina aurkeztu dute jendaurrean. Ekitaldia zapatu eguerdian egin zuten Durangoko Benita Uribarrena parkean. "Komunitatetik komunitatearentzat landutako informazioa. Horixe da ANBOTOk egiten duena. Komunitate hori indartzeko garrantzitsua da sinergiak sortzea eta indar txikiak batzea, eta horretara dator Anbotokide kanpaina. Horregatik, norbanako, elkarte, eragile eta enpresetara joko dugu Anbotokide egin daitezela eskainiz. Sorpresa asko izango dira, hobariak dendetan, zozketak...", aurreratu du Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak.
Ekitaldian Ander Ertzillak eta Izaro Ertzillak kantaldia eskaini dute. Horrez gainera, Leire Bilbao idazleak poemak errezitatu ditu, Nekane Coello eta Fran Retenaga musikarien musikak lagunduta. Luntx batekin eman diote amaiera gaurko aurkezpenari. Eguneko argazki guztiak hemen ikusgai.