"Migratzaile garen emakume guztiak ausartak gara, guzti-guztiak"

Anboto 2022ko mai. 27a, 13:00

Bonbardaketetatik ihes egin behar izan zuen batek. Hiru alaba zituela alargundu eta sorterritik alde egin behar izan zuen beste batek. Hirugarren bati etxea alokairuan hartzea ukatu zioten Durangon. Bakoitzak bere bizipenak ditu, bere ibilbideak, bere desafioak, migratzeko arrazoiak. Baina badute elkarren artean antzeko ezaugarriak: herrialdetik alde egitera beharturiko emakumeak dira guztiak, eta denak Durangaldean bizi dira. 

Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundea emakume migratzaileek jasaten dituzten indarkeria motak ikusarazteko lanetan dabil egunotan. Karpa bat ipini du Durangoko Landako Gunearen ondoan, eta berbaldiak, mahai-inguruak zein erakusketak eskaintzen dabil bertan. Durangaldera etorritako hainbat emakume migratzailek mahai-inguruetariko batean parte hartu dute. Tartean, Ekuatore Ginean sortu eta Durangon bizi den Carolina Muana Remik. "Gauzak hemen ez dira batere errazak izan. Behetik hasi behar izan dut guztia. Zailtasun ugari izan dut dokumentazioa lortzeko. Lana topatzeko ere, berdin. Ikasketei berrekin diet eta orain garbiketa ikasketak egiten nabil", azaldu du. Awa Clementine Diatta Manga Senegaletik ailegatu zen Durangaldera. "Gurasoekin etorri nintzen, hegazkinez. Nire ibilbideak, alde horretatik, ez du zailtasunik. Baina hemen ez nuen neure burua aurkitzen. Hizkuntza ondo ez nekienez, ez nuen lagunik. Eta lagunik ez nuenez, bakardadean bizi nintzen. Asko borrokatu behar izan dut bidean aurrera egiteko", aitortu du. 

Emakume izateari migratzaile izatea batzen zaionean, bikoiztu egin daitezke norberak jasandako indarkeria motak. Graciela Torres Calderón ekuadortarrak ondo daki hori. Ondo gogoan ditu pertsonen zaintzari lotuta bizi izandako lan baldintza prekarioak: "Egoitza batean lan egin nuen. 24 orduz egon behar izaten nuen han, egunero. Domekak bakarrik nituen libre", dio. Hayeba El Kori Hamadi sahararrak ez du zalantzarik. "Abiapuntu eta errealitate desberdinak bizi ditugu, baina argi esan gura dut migratzaile garen emakume guztiak ausartak garela, guzti-guztiak", amaitu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!