Andereak elkarteak "indarkeria bikario eta instituzionala" salatuko ditu

Anboto 2022ko mai. 23a, 13:29

Elkarretaratzea egingo dute eguenean maiatzaren 26an, 18:30etan Andra Marin. Gero, 19:00etan Adriana Grueso Granja kolonbiarrak Viajes y secretos liburua aurkeztuko du Andragunean.

Andereak elkarteak "indarkeria bikarioa (umeak ama erasotzeko erabili ohi den indarkeria) eta indarkeria instituzionala (emakumeen testigantza eta sufrimendua gutxiestea, umeei ez entzutea)" salatuko ditu hilabete honetako kontzentrazioan. Elkarteak dioenez, "indarkeria mota horiek amen eta umeen bizitza suntsitzen" dute. Irune Costumeroren, María Salmerónen eta María Sevillaren kasuak ipini dituzte horren adibide lez. 

Elkarteak indarkeria horien aurkako borroka irmoa eskatu die erakunde guztiei. Haien berbetan, gai horietan "inplikazio aktiboa izatea feminismoaren, berdintasunaren eta emakumeen ongizartearen eta ahalduntzearen alde egitea da". Elkarretaratzea eguenean, maiatzaren 26an egingo dute Andra Marin. Gero, 19:00etan, Adriana Grueso Granja kolonbiarrak Viajes y secretos liburua aurkeztuko du Andragunean. Andereak elkarteak dioenez, liburuan egilearen bizitza kontatzen da. "Tratu txarrak jasan izan ditu, baina erresilientzia historia ere bada", diote.

Manifestazioa Madrilen

Bestalde, elkarteak Madrilgo kongresuan eztabaidatzen ari diren Lege Abolizionista babestera deitu du. Hainbat eragilek Prostituzio Sistema Abolitzeko Lege Organikoa onartu dadin eskatuko dute Madrilen. Andereak elkarteak bat egin du deialdiagaz eta bertara joateko autobusa antolatu du Durangotik. Autobusak 6:15ean irtengo du Magdalenatik eta 17:00etan itzuliko da. Izena ehabolizionista@gmail.com helbide elektronikoan eman daiteke. Txartelaren prezioa 25 eurokoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!