'Durango Sariak' banatuko dituzte elkarte, kirolari eta kulturgileen lana aitortzeko

Anboto 2022ko mai. 20a, 12:12

Herritarrek eta erakundeek zabalik dute sari banaketarako proposamenak eta hautagaitzak aurkezteko epea. Herritarren Arretarako Zerbitzura jo beharko dute ekainaren 20a baino lehen. Irailetik aurrera bozketarako tartea zabalduko dute.

Durangoko Udalak Durango Sariak banatuko ditu herriko kulturgileen, kirolarien eta elkarteen lana aitortzeko. Sari banaketa azaroaren 5ean egingo dute, San Agustin Kulturgunean. Baina data hori ailegatu aurretik, udalak epe bat zabaldu du sariketarako proposamenak eta hautagaitzak aurkezteko. Proposamenak edozein herritarrek edo erakundek egin ahalko dituzte. Horretarako Herritarrentzako Arreta Zentrora jo beharko dute, eta proposamenarekin batera saria jasotzeko merezimenduaren arrazoiak aurkeztu beharko dituzte. Udalak esan du merezimenduen arrazoiketa bako proposamenak ez direla kontuan hartuko.

Behin proposamenak aurkezteko epea zarratuta, bozketarako unea ailegatuko da. Irailaren 1etik 30era bitartean udalak balizko saridunak aukeratzeko bozketa abiatuko du. Honako kategoria hauek erabakiko dira herritarren bozketa bidez: kirol arloan nabarmendutako pertsona edo erakundea, eta kultura arloan nabarmendutako pertsona edo erakundea. Gainerakoan, beste kategoria hauek ere egongo dira: Durangoko kirol elkartea, kirolari nabarmen bat, kultur elkarte bat, kultura arloko pertsona nabarmen bat eta sari berezia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!