“Amaieran denek zioten euren ibilbideko Ironmanik gogorrena izan zela”

Joseba Derteano 2022ko mai. 22a, 10:30

Triatloia zaletasun berantiarra da Gorka Garitaonandiaren bizitzan. 44 urtegaz egin zuen lehenengoa. Harrezkero, distantzia luzeetarako hauspoa badaukala erakutsi du. 

Zelan zaletu zinen triatloi mundura?
Nire aurretik emaztea hasi zen triatloiak egiten, eta, berak animatuta, neu ere mundu horretan sartu nintzen. Errepideko bizikleta erosi eta apurka hasi nintzen. Honen aurretik eskalatzen ibiltzen nintzen. 

Munduko txapelketarako txartelak ez dituzte erregalatzen. Zelan eskuratu zenuen zeurea?
Gasteizko Iromanean lortu nuen, iaz. Nire kategorian irabazi egin nuen eta lehenengo biok munduko txapelketara sailkatu ginen.

Txapelketa Hawaiin izaten da, baina COVIDa dela-eta AEBetara eraman dute.
Bai, eta horregaitik parte hartu dut. Konara joatea garestia da, denbora behar da… Ez neukan hara joateko asmorik. Utah-rako bidaia, ostera, merkeagoa da eta joatea erabaki nuen. Gainera, Gurutze Frades eta Roberto Corujo lagunak ditut eta haiekin joan naiz. Horrelako bidaiak egitera ohituta daude eta beste gauza bat da eurekin batera joatea. Corujo nire entrenatzailea da.

Gurutzek eman zizun aholkurik?
Bai, azkenean denok batera ibili gara eta esperientzia handiko kirolari baten aholkuak ondo etorriak dira. 

Sorpresa izan da lasterketa hain aurrean amaitzea?
Buruan ez neukan postu zehatzik. Nik erritmo bat dut igerian, bizikletan eta korrika, eta horiek ondo egitea zen nire helburua. Bizikletatik jaitsi nintzenean ez nekien zenbatgarren nindoan. Hasi nintzen korrika eta entrenatzaileak esan zidan: "Laugarren zoaz. Laurent Jalabert [txirrindulari profesional ohia] hortxe duzu eta harrapatuko duzu". Horrek indarra eman zidan. Laugarren, Jalabert aurreratzeko aukera… animatu egin nintzen. Jalabert ez da edonor, Hawaiin bigarren geratutakoa da.

Lortu zenuen Jalabert aurreratzea?
Bai. Ez zihoan batere ondo, bizikletan larregi estututa edo… Hirugarren ipini nintzen, baina gero beste batek neu aurreratu ninduen eta horrela ibili nintzen, hirugarren eta bosgarren postuen artean. Azkenean laugarren eta oso pozik.

Podiumak ihes egin izanaren arantzarik geratu zaizu?
Ironmanean lehenengo bostak igotzen dira podiumera. Beraz, podiumean egon behar nintzen, baina… ez nintzen egon (barrez).

Zer gertatu zitzaizun? 
Sari banaketak hurrengo egunean izaten dira. Normalean, profesionalena eta master mailakoena batera egiten dituzte, baina oraingoan ez da horrela izan. Nirea goizean egin zuten eta bestea arratsaldean izan zen. Ez nintzen konturatu beranduegi izan arte. Ez nintzen sari banaketara joan. Baina, bueno, saria bidali egingo didate. 

Utah-ko klima beroa, ibilbidea… egokiak ziren zure dohainetarako?
Ez dut uste inoren onerako izan zirenik. Desnibel eta bero handia. Asko sufritu genuen denok. Lasterketa amaieran denek zioten euren ibilbideko Ironmanik gogorrena izan zela. Eta askok esperientzia handia dute Ironmanetan!

Munduko txapelketako emaitza ikusita, aurrerantzean Ironman gehiago egingo dituzu?
Ba, ez. Ironmana apur bat alde batera utziko dut denboraldi batean. Oso gatxa da denbora ateratzea Ironmanak prestatzeko. Asteburuetan horretara zaude ia buru-belarri eta ez duzu denborarik familiarentzat. Beharbada lau-bost urte barru berriro probatuko dut Ironmana, baina oraingoz ez. Lasterketa laburragoak egiten jarraituko dut. 

Hurrengo hileetan zelan duzu lasterketen egutegia?
Orain deskantsatu egin gura dut. Udara arte ez dut ezer. Lasaitasunez hartuko dut kontua. Familiagaz egon gura dut. Entrenatuko naiz, baina gura dudanean eta ez egutegi baten menpe. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!