"Inauguraziora jendetza etorri zen eta jenerorik barik geratu ginen"

Jone Guenetxea 2022ko mai. 21a, 10:30

San Faustoko Ambigu taberna goizetako martxa hartzen dabil. Kafe makinaren zarata, pintxo usaina... San Faustoko frontoiko taberna barikuan zabaldu zuenetik, Tania Cifuentesek ez du atsedenik hartu. Ostalari  batentzat seinale ona da hori. 

Joan zen barikuan zabaldu zenuen taberna. Inaugurazioak zelako harrera izan zuen?
Jendetza etorri zen barikuko inauguraziora, auzotik eta baita Durangoko beste leku batzuetatik ere. Lanez gainezka ibili ginen, edalontziak garbitzen, sukaldean... Jenerorik barik geratu ginen. Jendea etortzea espero nuen, baina ez hainbeste. 23:30era arte hau guztia beteta zegoen. Afariak ere eskatu zizkidaten, baina ezin izan nuen. Garagardo upelik barik geratu nintzen eta gehiago eskatu behar izan nuen. Hiru upel edan zituzten hiru orduan. Hori Bilboko jaietan ere ez dut ikusi. 

Eta asteburuan zer moduz?
Berdin. Asteburuan 08:00etan zabalik izan dugu eta zapatuan goizaldean zarratu genuen, 02:30ean. 01:00etan terraza zarratu nuen eta baimena dut taberna 02:30era arte zabaltzeko. Auzoko jendea geratu zen ordu horretara arte. 

Itxaroten zenuen hain harrera ona izatea?
Beste tabernetan lez izatea espero nuen. Apurka-apurka bezeroak etortzen hastea. Harrera oso ona izan da. Pozik eta nekatuta nago.

Zelan animatu zinen taberna hau hartzera?
Orain bost urte San Faustora bizitzera etorri nintzen. Aurreko errenteruak utzi egin zuen eta nik interesa nuen. Ezin izan nuen alokatu, udalak obra egin gura zuen eta. Ikusi nuen inguru egokia zela taberna bat zabaltzeko eta parkea ondoan duela. Gainera, ume txiki bat dudanez semea zaindu eta lan egin dezaket aldi berean. Konfinamendua heldu zen eta gauzak atzeratu egin ziren. Beste taberna bat dudanez, lizitazioa irten zenean animatu egin nintzen.

Beste taberna bat duzula diozu. Non?
Hemen ondoan, auzoan bertan. Degustación San Fausto legez ezagutzen da. Taberna hori ere konfinamendu ostean hartu nuen, joan zen ekainean. Sasoi batean taberna honetan egongo naiz zein beharrizan dituen ikusteko. Gero, bestean ere egongo naiz. 

Ostalaritzakoa lanbide gogorra da. Noiztik zabiltza tabernan lanean?
16 urtegaz hasi nintzen. Asko gustatzen zait. Orain esan dezaket gurago dudala nik neuk zabalduriko tabernan lan egitea inoren tabernan baino. Ostalaritzan inorentzat lan egitea gogorra da, baina negozioa zeurea bada ordu asko izan arren onuragarriagoa da. 

Taberna hau frontoi ondoan dago. Zein ordutegi izango duzue?
Astean zehar 06:00etan zabaltzen dugu. Ni 05:00etan etortzen naiz, pintxoak prestatzera. Bazkariak eta afariak emango ditugu. 23:00ak arte zabalik izan behar dut, ordu horretara arte frontoia zabalik dago eta. Baten batek frontoia alokatzen badu neu arduratzen naiz giltzak eman eta argia pizteaz. Hori bai, alokatzeko tramitea Durangoko Kirolaken bitartez egiten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!