'Eskola Bidea Lagunekin' proiektua martxan ipini dute Durangon

Anboto 2022ko mai. 19a, 11:50

Proiektuak ibilbide seguru bat bultzatu gura du etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen ikasleentzat.

Eskola Bidea Lagunekin proiektuan udalak eta herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeek esku hartzen dute: Kurutziaga ikastolak, Landako eskolak, Nevers ikastetxeak, San Antonio ikastetxeak, Jesuitak ikastetxeak eta Zabalarra eskolak. Udalak adierazi duenez, partaidetza horrekin ikastetxeetarako joan-etorriak "modu iraunkor, autonomo eta seguruan" egin daitezen bultzatuko dute. Eragileek bizimodu osasungarrak bultzatu gura dituzte mugikortasun aktiboa, oinez, bizikletaz edo patinetez, garatuta. "Durangoko umeentzako eskola bide seguruak antolatu nahi ditugu, eta horretarako garrantzitsua iruditzen zaigu zuzenean eragileekin hitz egitea. Horregatik eskolaz eskola joango gara, umeen iritziak entzunez eta kontutan hartuz", adierazi dute Mariam Bilbatua eta Patxi Lakuntza zinegotziek.

Hiru fase
2022an proiektuaren planak hiru fase izango ditu: Lehen fasean mugikortasunari buruzko informazioa bilduko dute. Inkesta bat egingo dute horretarako. Bigarren fasean, diagnostikoa osatuko dute. Azkenengoan, identifikatutako beharrizanak eta aukerak kontuan izanda, proiekturako proposamenak zehaztuko dituzte: jarduteko irizpideak, garatu beharreko jarduerak eta eskuhartzeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!