Durangoko Udalak VI. Book Trailer Lehiaketaren sari banaketa egingo du igandean

Anboto 2022ko mai. 18a, 10:00

Guztira, 89 lan aurkeztu dituzte herriko ikastetxeetako ikasleek.

Durangoko Udaleko sail ezberdinek (Bizenta Mogel Bibliotekak, Durango Irratiak, eta Kultura zein Immigrazioa Sailek) VI. Book Trailer Lehiaketaren sari banaketa antolatu dute igande honetarako, maiatzaren 22rako, San Agustin Kulturgunean.

2021/2022ko ikasturtean zehar Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutua, Zabalarra Eskola, Kurutziaga Ikastola, San Antonio eta Jesuitak ikastetxeetan, LH6tik hasi eta DBH4ra arteko ikasleekin, beraiek aukeratutako liburuaren inguruan solasaldi literarioak eta book trailerrak nola egin ikasteko tailerrak burutu dira. Guztira, 89 lan aurkeztu dira, A kategorian 33 eta B kategorian 56. 300 ikasle inguruk egindako lana da hau.

Trailerrak baloratzeko lana Miriam Peña eta Ainhoa Olaso durangarrek egin dute. Epaimahaikideek irizpide teknikoen eta pedagogikoen arabera baloratuko dituzte lanak.

Gazteen artean balioak eta irakurzaletasuna sustatzeko helburua duen hezkuntza proiektu hau 11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta liburuen laburpena aurkezteko bideoak egiteko prozesua baliatuz, asmoa da gazteak errealitate desberdinetara hurbiltzea.

Bi kategorietako irabazleek 150 euro eta liburu sorta bat lortuko dute. Horrez gain, gidoi onena ere sarituko da: 150 euro eta liburu sorta batekin sarituko da. Azkenik, publikoaren saria ere egongo da: taldekide bakoitzak Fujifilm Instax Mini 9 kamera bat irabaziko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!