Durangoko Udalak eta Dendak Bai-k herriko komertzioen aldeko apustua berretsi dute hitzarmen baten bitartez

Anboto 2022ko mai. 17a, 15:01
Durangoko Udaleko eta Dendak Bai elkarteko ordezkariak.

Udalak 47.000 euroko diru laguntza eskaini dio elkarteari, tokian tokiko komertzioen aldeko kanpainak burutzeko.

Durangoko Udalak eta Dendak Bai Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak hitzarmen berria sinatu dute, herriko negozio txikiei bultzada bat eman asmoz. Hitzarmen honi esker, Dendak Bai-k 47.000 euro jasoko ditu Durangoko Udalarengandik, herriko merkataritza txikiaren aldeko kanpaina ezberdinak garatu ditzan, udalak ohar batean informatu duenez.

Besteak beste, etxez etxeko banaketa, Aukera Azoka, ‘Guk, Durango’ kanpaina, ‘Durango Txartela’ edota merkatarien formaziorako ikastaro ezberdinak finantzatzeko balioko du hitzarmen horrek. “Herriko negozio txikietan kalitatezko produktua eta bezeroarekiko gertutasuna eskaintzen dugu, hain beharrezkoa dena garai hauetan. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu Udalaren eta Dendak Bai-ren arteko lankidetzan sakontzea”, adierazi dute Aritz Bravo zinegotziak eta Alex Palacios Dendak Bai-ko presidenteak.

Lankidetza hori indartzeko, aurtengo otsailean Merkataritza Foro Egonkorra eratu du Udalak. Partehartzerako mahai hau etorkizuneko erronkei aurre egiteko asmoz sortu da.

Mahai honen eraketa Udalak duela hilabete batzuk martxan jarritako Merkataritza Indarberritzeko Plan Bereziaren (MIPB) lau ildo nagusietako bat da. MIPB ekintza partehartzaile desberdinen bidez diseinatu da, durangarrei zein merkataritza sektoreko eragileei irekiak egon direnak.

‘Durango Bonoa’ eta ‘GastroDurango’

Gogoratu dutenez, sektore eta mota ezberdinetako negozio txikiak berpizteko hainbat ekimen antolatu dituzte. Izan ere, 2019ra arte egiten ziren Komertzio Bonoen 19.000 euroko kanpaina bakarraren ordez, Udalak hiru kanpaina egitea erabaki zuen duela bi urte, eta aurten ere 75.000 euro bideratu ditu zeregin horretara. Horrez gainera ‘Gastrobonoen’ bigarren edizioa prestatzen ari da.

Bultzada digitala

Aurrekoez gain, Udalak eta Dendak Bai-k ‘Durangoko Merkataritzaren Bultzada Digitala eta Lehiakortasuna Programa’ aurkeztu dute, tokiko merkataritzari digitalizazio prozesuan laguntzeko eta irtenbide digital pertsonalizatuak eta doakoak eskaintzeko. Programa hori Durangon merkataritza lokal bat duten pertsona guztiei zuzenduta dago: txikizkako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduei, hain zuzen.

Programaren lehen helburua negozioen diagnostiko digitala egitea eta tokiko merkataritza sarea digitalizatzeko prozesuan irtenbideak eskaintzea izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!