Espainiako eta Frantziako estatuek "salbuespenarekin" jarraitzea salatu du Etxerat-ek, ohar baten bitartez. "Hamar urte igaro dira indarkeria zikloak amaitu zirenetik, lau urte Sanchez presidenteak espetxe politika aldatuko zuela iragarri zuenetik, eta ia hiru urte Macron presidenteak gatazkaren ondorioei irtenbidea emango ziela iragarri zuenetik. Baina Espainiako Estatuak, konponbidearen eta bizikidetzaren aurrean mendekua lehenesten duten sektore politiko eta judizialek bultzatuta, salbuespenarekin amaitu gabe jarraitzen du", azaldu dutenez.
Etxerat-ek gogoratu du 186 euskal preso daudela: "30 urtetik gorako espetxe-zigorra bete duten senideak ditugu; 65 urtetik gorako adina dituztenak 20 inguru dira; eta 19 presok gaixotasun larriak dituzte. 32 erbesteratuk eta deportatu politikok jarraitzen dute Euskal Herrira itzuli ezinik", diote.
Espainiako eta Frantziako estatuek ez dutela "euren legezkotasuna" aplikatzen dio Etxerat-ek, "ez da behin betiko orrialdea pasatzeko borondaterik antzematen". Ildo horretan, azaldu dute 85 preso ez dituztela oraindik hurbildu; 168 preso baimenekin ateratzen egon beharko liratekela, eta 22 baino ez direla ari; eta 132 preso 3. graduan egon beharko liratekela, baina 14 baino ez daudela egoera horretan. Etxeratek dio batzarrak egiten jarraitu behar izatea "paradigmatikoa" dela. "Gure senide presoei aholkularitza eta laguntza ematen jarraitu behar izateak, alarma argia piztu beharko luke, hori baita Espainiak euskal presoei bere legea aplikatzen ez diela erakusten duen frogarik argiena". Hala ere, lanean jarraituko duela nabarmendu dute.
Pandemiatik atera berri egin du batzar nagusia Etxerat-ek. "Izugarri birrindu gaitu pandemiak eta horren kudeaketak. Bi urte luzez komunikazioak etenda eta familia-lotura hautsita egon da; urduritasuna, ezinegona. Sufrimendu gehigarria pairatu dugu berriro ere".