Sorginolako materiala Garai jauregira lekualdatuko dute, gazteentzako leku berri bat topatu bitartean

Anboto 2022ko mai. 13a, 13:23

Sorginolako gazteek biltegi eta bilera gela modura baino ez dute erabiliko Garai jauregia.

Garai bateko Fundifes fabrika, gaur egun Sorginola dagoen lekua, bota egingo denez, Durangoko Udalak eta Sorginolako gazteek bertako materiala Garai jauregira eramatea eta epe batez bertan gordetzea erabaki dute. Udalak jakinarazi duenez, gazteek "biltegi eta bilera gela lez" baino ez dute erabiliko eraikina. Eta erabilera hau behin-behinekoa litzateke, alde biek gazteek euren jarduerak egiteko gune berri bat bilatzeko lanean jarraitzen duten bitartean".

"Adinekoek adinekoentzako zentroa duten bezala, edo gazteenek ludoteka eta gaztegune berria
duten bezala, gazteek eta nerabeek ere beren jarduerak garatzeko gune bat behar dute, eta hori sistematikoki ukatu izan zaie orain arte. Egoera honi irtenbide adostu bat bilatzen diogun bitartean, objektuak Garai jauregian gorde ahal izango dituzte”, adierazi dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!