San Faustoko frontoi ondoko ostalaritza establezimendu berrian gosari, bazkari, afari eta errazioak eskainiko dituzte martitzenetik domekara bitartean, 6:00etatik 23:00ak bitartean. Horrekin batera San Fausto Frontoia alokatzeko aukera izango da. Momentu honetan pilota taldeko partaideek erabiltzen dute frontoia Ezkurdikoa konpondu arte. Horregaitik, pilota taldekoak frontoia erabiltzen duten momentuetan ezingo da alokatu.
Alokairua Durango Kirolak-eko webgunearen bitartez egin beharko da. Durango Kirolak-en fitxa sortu beharko da webean erreserbak egiteko gunera sartu ahal izateko. Prezioa 10 euro orduko izango da (argia eta dutxatxeko aukera barne).
“Garrantzitsua iruditzen zaigu Durangoko auzoei baliabideak eskaintzea ahalik eta auzo bizienak izateko. Espazio hau zabaltzeak, auzorako gune berri bat edukitzeaz gain, frontoia durangarrei zabaltzea ere ekarriko du”, adierazi dute Ane Abanzabalegi eta Jorge Varela zinegotziek.
Bestalde, udalak prentsa oharrean azaldu duenez, Kapitatena baserria eraberritzeko proiektua erredaktatzeko partida sortu dute aurtengo aurrekontuetan. Proiektuan obrek izango dituzten beharrak zehaztuko dituzte.