DRTk antolatutako Ikastetxeen Tag Errugbi Topaketan batutako dirua Geu Be elkarteari emango diote aurten

Anboto 2022ko mai. 9a, 18:46
Ezkerretik hasita: Geu Be-ko Julen Bengoa eta Sergio Vadillo, DRTko Iker Mendieta, San Antonioko Mikel Mateo, Jesuitetako Oihana Quesada eta DRTko Aratz Gallastegi.

Durango Rugby Taldeak antolatzen duen ekimena bueltan da urte biko parentesiaren ostean eta hamargarren aldia egingo du.

Ekimenaren helburua umeak eta gazteak errugbira erakartzea da. Urtean zehar ikastetxeetan errugbian aritzen diren gazteek Arripausuetako errugbi zelaian jokatzeko aukera izaten dute. Horrez gainera, beste ikastetxeetakoekin hartuemanak lantzen dituzte.

Ekimena elkartasunarekin lotzen dute. "Herritik jasotzen duguna herriari bueltatzea da ekimeneko helburuetako bat", azaldu DRTko Iker Mendietak gaurko aurkezpenean. Errugbi zelaian pote handi batzuk jarri eta dohaintzak jasoko dituzte. Aurten Geu Be elkarteari emango diote batutakoa. Elkarteko Julen Bengoak eta Sergio Vadillok "eskerrak" dizkiete DRTri eurekin gogoratzearren.

Lau egunetan batuko dira Arripausuetan. Lehenengoa joan zen astean egin zuten. Hurrengo hiru topaketak eguaztenean, eguenean eta barikuan izango dira. 9 eta 16 urte arteko 1.500 bat gazte batzea itxaroten dute. Honako hauek dira parte hartuko duten ikastetxeak: Kurutziaga Ikastola, Zabalarra, Nevers, San Antonio eta San Jose Jesuitak ikastetxeak, Durango institutua eta Abadiñoko institutua.

"Ikasleentzako oso ekintza polita da. Ikastetxe eta adin desberdinetako gazteak batzen dira eta hartuemanak egiten dituzte", adierazi du San Jose Jesuitak ikastetxeko Oihana Quesadak. "Guk gure lau mailetako programetan sartuta dugu errugbia eta, topaketetan gazteek oso ondo pasatzen dute", esan du San Antonio ikastetxeko Mikel Mateok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!