GURE ZIRKUA, DURANGON

[BIDEOA]: "Magikoa da Durangoko auzo honetara etorri eta zirkuko karpa hau ikustea"

E.H./J.G. 2022ko mai. 6a, 13:02

Euskal Herriak badu bere zirkua, Gure Zirkua. Oraingo honetan, Durango aukeratu dute karpa ipini eta denboraldi berria hasteko. Otamotzena parkean dena prest dago magia gauzatu dadin. Iker Galartza aktoreak bultzaturiko zirkua mimo handiz ondutako proiektua da. Sartu eta ikusi besterik ez dago. 

Zein sentsaziogaz zatozte Durangora?
Sentsazio zoragarriarekin. Begira zelako bi urte pasatu ditugun. Badira hiru-lau urte Durangotik deitu zutela. Joatekotan ginen, gero pandemia etorri zen... Horregatik, bira Durangon hastea erabaki dugu, Bizkaiko bihotzean. 

Hain erantzun ona izatea aurreikusten zenuten?
Jakin badakigu jendea gogotsu dagoela. Familiak, gurasoak, eta umeak zer esanik ez. Umeek musukoa duela bi aste kendu dute eskoletan. Antzerkian ere tokatu izan zait esperimentatzea. Lehenengo, %50eko aforoarekin. Gero, %100era iritsi ginen, eta gero maskara kentzea. Antzematen da gogo eta ilusio hori.

Gure Zirkua ezagutzen ez duenari zelan azalduko zenioke zer den?
Batzuetan topikoa ematen du zirkua magia dela esatea, baina magikoa da. Magikoa da auzo honetara etorri eta karpa hau ikustea. Magikoa da tunelaren barruan sartzea eta zer esanik ez hor barruan zaudenean arnasten duzuna eta usaitzen duzuna. Zirkua bere harmailekin, egurrekin... Mimo handiz egindakoa da. Esaten da: "Esadazu etxea nolakoa den txakurra ere halakoa izango da eta". Beraz, etxea nolakoa den ikusita, uste dut txakurrak ere onak dauzkagula, eta gozarazteko modukoa izango dela.

Zure seme-alabek eta emazteak ere zirkuan parte hartzen dute. Familia proiektu modura bizi duzue?
Poliki-poliki gure umeak ere etortzen dira. Normalean pozik, baina batzuetan alfer pixka bat ere ematen die. Oraingoan esan diegu tirolina parke zoragarri bat dugula zirkuaren ondoan eta pozik datoz. Herri bakoitzak badu bere zera hori. Beste artista batzuen seme-alabak ere etortzen dira eta beraien kuadrillatxoa daukate. Era batean edo bestean, denek parte hartzen dute emanaldian. Batzuek krispetak egiten lagunduz, beste batzuek abestietan abestuz, zilindro baten gainean edo zaharrenak trapezioan. Jakin badakit ipurdian ostiko bat jo eta alde egingo didatela egunen batean. Aitari sagardotegian lagutzen nionean hari ostikoa eman nion bezala, hauek ere emango didate niri, baina ahal den neurrian eutsi egingo diet.

Proiektu hau martxan ipini zenuenean, zenbatek esan zizuten zoratuta zaudela?
Jende askok. Zirkua ez dago modan. Horiek garai bateko kontuak dira. Horrek ez du funtzionatuko. Horrelakoak entzun nituen. Baina bestelakoak ere bai, etxetik hasita. Etxean esaten zidaten nahi nuena hori bazen, aurrera egiteko. Bazekiten egiten nuena bihotzez egiten nuela. Ekain gure malabarista gazteak esaten duen bezala, "Ikerrek ez du karpa bat ekarri uda baterako". Gauza batzuk luzarorako etorri dira. Bihar edo etzi ez dakit non egongo garen, baina zirkua Euskal Herrira etorri da dagoeneko. 

Zelan ipini duzue hau guztia martxan zerotik hasita?
Ikasi egin behar da. Italiarrekin asko ikasi dugu. Karpa bera Italiakoa da, Veneziatik ekarri genuen. Instrukzioak ere italieraz daude. Muntatzen dugunean, euskaraz hitz egin arren, hitz asko italieraz esaten ditugu eta jendea asko harritzen da horiek entzunda. "Ekarri ezazu horko paletti hori", esaten dugu. Paperean jartzen duen moduan esaten dugu. Inor ez da molestatu itzulpena egiten. Denborarekin asko ikasten da. Durangora etorri ginen egunean euria ari zuen, eta kamioia aurreko partean jarri beharrean atzean utzi genuen. Lan gehiago da, baina saiatzen gara ingurua txukun mantentzen.

Harrobiko jendea izatea ere garrantzitsua izango da ikuskizunetarako.
Ematen du zirkua bolada onean dagoela. Neska-mutilei gustatzen zaie. Askok tailerretan parte hartzeko galdetzen digute. Bilbon, Gernikan eta Gasteizen ikasi daiteke. Tolosan gure eskola txikia dugu. Txikiak badatoz. Futbolean gertatzen den moduan, askotan gurasoek seme-alabek eurek baino ahalegin handiagoa egiten dute txikiak Messiren parekoak izan daitezen. Haurrek jolastu egin nahi dute eta zirkua oso leku egokia da horretarako. Zirkuan gauza asko transmititu daiteke. Konfiantza landu, elkarri eutsi, elkar ulertu, musikarekin batera gauzak egiten ikasi, musika entzun, konpasean aritu, oreka landu... Pentsatzen ez zituen gauzak egiteko gai dela konturatzen da. Aste Santuan egin dugun ikastaro honetan, mutiko batek kable gainean batetik bestera ibiltzen ikasi du. Hori guztia oso betegarria da. Bestalde, egia da gure artista asko zaharrak direla. Ane Miren aurten erretiratu da, 47 urterekin. Orain arte hemen ez zegoen horrelakorik, eta Edinburgon, Bartzelonan eta beste hainbat lekutan ibili da. Bere karreraren bukaeran Gure Zirkuarekin topo egin du. Ortzi Acosta gasteiztarra zazpi urtez egon da Circo del Solen. Los Angelesen, Las Vegasen, Japonian... ibili da, eta 45 urte ditu. Ez dakit zenbat gehiago iraungo duen [barrez]. Jende gaztea behar da, baina horrek pazientzia eta prozesu luze bat eskatzen ditu. Askotan saioa bera oso ikusgarria ez bada ere, ikusgarri egin daiteke gozatuz. Musika polit batekin eta argi polit batzuekin. Batzuek zirkua arriskuarekin ere lotzen dute, artista altuera batetik erorzen bada hil egin daitekeelako. Guk ez dugu horrelakorik nahi. Beste zirku batzuetan barre egiten digute guk koltxonetak jartzen ditugulako. Nahiago dut behean koltxoneta bat izan, disgustu bat izan baino. 

Pailazoaren figura aldarrikatzen duzu. Askotan gutxietsi egin da?
Guraso batzuk galdezka etortzen zaizkit: "Gure semeak edo alabak pailazo izan gura du. Hori non ikasten da?". Sei urtegaz jolas dezala Pirritx eta Porrotx izatera, Poxpolo izatera... guk egiten genuen bezala. Batek Mirrirena egiten zuen, besteak Txirrirena, besteak Foforena, Milikirena... Jolastea eta irudimena lantzea da gakoa. Badakit gaur egun zaila dela makina asko ditugulako tartean. Gure umeei geroz eta gehiago kostatzen zaie pentsatzea, gauzak imajinatzen edo amesten egotea. Niri neuri etxean gertatzen zait. Horixe da egin behar dena. Kendu makinak eta jolastu. Zuhaitz Gurrutxagak esaten duen moduan, pailazoa izateko listoa izan behar da. Tontoarena ondo egiteko listoa izan behar da. Gainera, beste edozein lan bezala, pailazoarena duina eta esker onekoa da. Pailazook jendearen irribarreak ikusten ditugu. Emozioak transmititzen ditugu eta txikiek argazkiak atera nahi dituzte gurekin. Edozeinek sinatuko luke horrelako lan bat. 

Umorean sentitzen zara erosoen?
Egia esan, normalean umorea egiteko deitzen didate, esparru honetan nahiko ondo moldatzen naizelako. Orain, Irabazi arte telesailean beste pertsonaia bat tokatu zait, eta ni segituan neureak egiten hasten naiz eta zuzendariak berehala esaten dit: "Iker, poliki". Hori ere gustatzen zait, zuzendariak eusten nauenean. Gustatzen zait gauza desberdinak egitea. Baina gauza desatseginak egitea ez zait gustatzen, fikzioa dela jakin arren. Bortxatzaile baten papera egitea ez litzaidake gustatuko. Ez daukat egin beharrik. Agian beste aktore batek esango luke gauza ezberdinak egitea gustatzen zaiola, baina ez litzaidake neure burua paper horretan ikustea gustatuko.

'Irabazi arte' telesailak oso harrera ona izan du. 
Grabatzen ari ginela zirkura etortzen nintzen bakoitzean esaten nien sentsazio onekin nentorrela eta funtzionatuko zuela. Oso harro sentitzen naiz ETBk euskaraz gauza hauen aldeko apustua egiteagatik. Bestela, aizkoraren, pilotaren eta jende helduaren telebista bat geratuko litzaiguke. Gure neska-mutilek Youtubera edo Netflixera jo behar ez izatea euskaraz zerbait ikusteko, gainera produktua ondo eginda badago, duina bada eta gaurko gaiak lantzen baditu... hortik joan behar dugu. 

'Lehendakarigaia' antzezlanagaz ere ibili zarete. Zer moduz?
Oso esperientzia ona izan da. Lan handia egin dugu. Zuhaitz Gurrutxagarekin lan egitea plazera izan da. Hasieratik ondo elkar ulertu dugu. Zuhaitz oso metodikoa eta diziplinatua da eta horrek asko laguntzen dit. Lehendakaria bera noiz etorriko zain egon naiz, baina ez da etorri. Espia asko bidali ditu. Diputatu eta parlamentari asko ikusi ditut. Pena da. Durangon izan ginenean etorriko zela pentsatu nuen, baina ez. Ni joango nintzateke ikustera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!