Adostasuna Durangon, behin-behineko 100 udal lanpostu egonkortzeko

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 5a, 10:04

Durangoko Udalak eta sindikatuek adostasuna lortu dute udal lanpostuen behin-behinekotasuna gutxitu eta 100 bat plaza publiko egonkortze-OPE batekin finkatzeko.

Durangoko Udalean eta haren parte diren erakunde autonomoetan %40koa da lanpostu publikoen behin-behinekotasun tasa. Europar Batasunak eta Espainiako estatuak agindutako %8a baino dezente altuagoa. Horregatik, udalak kopuru hori jaisteko lanean dihardu sindikatuekin. Iker Urkiza zinegotziak  jakinarazi duenez, alde biek akordioa lortu dute behin-behineko egoeran dauden 100 lanpostu publiko egonkortzeko. Finkatze hori Lan Eskaintza Publikoa egonkortzeko prozesu batekin egingo dute. Hau da, azterketa bat egiteko beharrizanik barik. "98 plaza egonkortzeko ez da azterketarik egongo. Beharginaren esperientzia da kontuan hartuko den faktorea", azaldu du Iker Urkizak. "Beste bi postu lehiaketa bidez egonkortuko dira, baina ez da azterketa suspenditzeko aukerarik egongo", gaineratu du. 

Behin-behineko lanpostuak egonkortzeko prozesuak udalari, Bartolome Ertzilla Musika Eskolari, Udal Euskaltegiari, Astarloa Kulturgintzari eta Durango Kirolaki eragiten die. Finkapena Lan Eskaintza Publikoa egonkortzeko prozesu baten bidez egingo dute datorren urtean. Urkizak jakinarazi du momentu honetan prozesu horren "oinarri orokorrak" lantzen ari direla sindikatuak eta udala. "Prozesu honek orain arteko behin-behineko plazei eragiten die. Hemendik aurrera lanpostu berriak sortuko balira, hor bai, azterketak egin beharko dira", argitu du Urkizak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!