Gastronomiaz gozatzeko txokoa eskainiko dute, lehenengoz, jasangarritasunaren aldeko Berdeago Azokan

Aitziber Basauri 2022ko mai. 4a, 08:43

Berdeago Azokak gastronomiaz gozatzeko txokoa hartuko du aurten, lehenengoz. Jasangarritasunaren aldeko azokaren bederatzigarren edizio honetan, Jasangarritasunerako Europako Elkarteko kideek orain arteko eskaintza osatzea izan dute helburu.

Gainera, Xabier Sanchezek Gastroguneko arduradunak azaldu duenez, Durangaldeko enpresa eta ostalariei aukera eman gura izan diete, Berdeago Azokak herrian "eragin zuzena" izan dezan. Hartara, Landako Gunera doazen bisitariek aukera izango dute tokiko janari eta edari ekologiko, biologiko eta organikoa ezagutu eta dastatzeko, Gastrogunean. Berdeago Nature atalean izango du lekua Gastroguneak, kontsumo arduratsuaren azokan, maiatzaren 14an eta 15ean. 

Durangoko Rugby Tabernak eta Saltsan Katerin enpresak kudeatuko dute Gastrogunea, eta Cafes Baquek ere parte hartuko du. Azokara bertaratutakoek Saltsanek prestaturiko pintxoak eta jatekoa kontsumitzeko aukera izango dute, eta Rugby tabernaren eskutik garagardo eta ardo ekologikoak probatzekoa. Horrez gainera, kontsumo arduratsua lerroburu hartuta, showcooking saioak eskainiko dituzte. Sukaldaritza osasungarria, sukaldaritza adimendua lelopean, momentuan kozinatzen ikusteko aukera egongo da, maiatzaren 14an eta 15ean. Saio biak 12:30ean hasiko dira. Egun bi horietan, 14:00etan, Durangoko Rugby Tabernak zuzenduta, zero kilometroko produktuekin showcooking-a egingo dute; eta 17:00etan, La Salveren eskutik, zero kilometroko garagardo dastatzea egingo dute. Maiatzaren 15ean, Patxikoop enpresak ardo ekologikoen dastatzea ere egingo du, 19:00etan.

Aipatu behar da Delikatetxek eta Izarbidek ere parte hartuko dutela Berdeago Azokan. Delikatetxeren eskutik, jardunaldia egongo da hilaren15ean, 14:00etan, Lehendik dauden kalitate goreneko produktuak aprobetxatzea eta zure mahaira eramatea ekonomia zirkularraren eta autokontsumo energetikoaren bitartez izenburupean. Era berean, Izarbidek Eredu berritzailea merkataritza ekologikoan hartuko du berbagai, 12:00etan.  Berdeago Nature barruan, produktu ekologikoen etiketaren irakurketa tailerrak ere antolatu dituzte. Saioak 11:30ean eta 18:00etan izango dira.

Gastroguneak harrera ona izatea itxaroten du Sanchezek: "Jateko zerbitzua eskainiko dugulako, jasangarritasunerako azokagaz bat datorren zerbitzua. Berdeago Naturen erakutsiko diren produktuek sukaldaritzan duten erabilera erakusteko modua da Gastrogunea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!