Energia krisiaren aurreko alternatibak ezagutzeko aukera egongo da Berdeago azokan

Anboto 2022ko mai. 2a, 13:46
Berdeago azokako eta Durango Udaleko ordezkariak gaurko aurkezpenean.

Autokontsumoari eta efizientzia energetikoari buruzkoak izango dira hainbat aurkezpen.

Berdeago Azoka bueltan da, iazko parentesiaren ostean. Aurten 10. aldia beteko du Durangoko Landako Gunean. Ohi moduan urtarrilaren amaieran barik, maiatzean zehar egitea erabaki dute antolatzaileek, osasun baldintzak hobeak direlako.

Azoka asteburu bitan banatuko dute. Maiatzaren 6tik 8rako azoka energiari buruzkoa izango da, Berdeago Energy izenagaz. Maiatzaren 14tik 15erakoa, berriz, kontsumo arduratsuaren gainekoa izango da, Berdeago Nature izenburupean.

Ekimena antolatzerakoan energia krisia buruan izan dute. "Autokontsumoa eta antzerakoak izango dira gai izarrak aurtengo aldian", azaldu du Javier Sanchez Berdeagoko koordinatzaileak. Zehazki, sei erakusmahai autokontsumoaren alorreko proiektuak izango dira. "Euren proiektuez gainera, sektoreko aurrerapen teknologikoen gaineko azalpenak emateko eskatu diegu. Azken batean, adituak dira egunetik egunera aurrerapuso handiak ematen diren sektorean", dio Sanchezek.

Esaterako, postu bat herri barruko energia eolikoari buruzkoa da. Beste batzuek, energetikoki efizienteagoak izateko gailuak ekarriko dituzte. Ekoetxe proiektuari buruz gehiago jakiteko aukera ere egongo da. "Sasoi batean kontsumo ia nuloko etxebizitzei buruz berba egiten zen. Gaur egun energia soberakina izan dezaketen etxebizitzei buruz gabiltza". Ildo horretatik, komunitate energetikoei buruz ariko dira. Sanchezek azaldu duenez, Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon taldeak horrelako komunitate bat sustatzeko asmoa dute Durangaldean.

Durangoko elkarteak Azokaren parte

Durangoko elkarteak ekimeneko parte izan daitezen saiatu dira. Esaterako, moda jasangarriaren desfilea Dendak Bai elkartearen laguntzagaz irtengo da aurrera maiatzaren 14an, 19:30ean. Gastronomia gunea, berriz, Durango Rugby Taldeak dinamizatuko du. Ikastetxeetan ere egon dira. Ildo horretatik, San Antonioko gazteek birziklatutako materialekin egindako erakusketa bat ikusgai egongo da, besteak beste.

Azoka dastaketek, show-cooking-ek eta bestelako ekimenek osatuko dute Azoka. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!