“Ilusio handia egingo lidake liburua Durangoko Azokan aurkezteak”

Aritz Maldonado 2022ko api. 30a, 10:30

Marinelik onenak barrualdekoak direla esaten da. Imanol Agirreren (Durango, 1994) kasuan ere, horrela izan zitekeen. Izan ere, durangarrari txikitatik datorkio itsasoagazko zaletasuna. Aitagaz arrantzan lehenengo, urpekaritzan murgilduta gero, egun, biologoa da ofizioz Agirre, eta doktoretza amaitzen ere badabil. Itsasoa ardatz duen 'Akresale' liburua publikatu du oraintsu, poemak eta mikroipuinak batzen dituen bere lehenengo liburua. Durangoko Hitz eta Urrike liburu-dendetan dago eskuragarri. Bestela, zuzenean berari idazteko eskatu du Imanolek.

Nondik datorkizu itsasoagazko lotura hori?
Biologoa naiz lanbidez, eta orain doktoretzaren azken urtean nago. Orain urte asko, aitagaz arrantzan egitera joaten nintzen. Itsasoaren mugimenduak eta mareak ulertzen ikasi nuen, izakiei begiratzen... Apurka, ezkutuan zegoen mundu bat deskubritzen hasi nintzen; gerora, urpekaritza-arrantza egiten hasi nintzen, eta hor oso lotura indartsua sortu nuen itsasoagaz.

Eta idazteko zaletasuna?
Hori amarengandik dator. Berari ere asko gustatzen zaio irakurtzea, eta hori irakatsi zidan. Batxiler garaian, prosa idazten hasi nintzen, baina intentzio handirik barik. Gero, aldaketa pertsonal batzuen ondorioz, esan gura nuena idatziz esan nezakeela deskubritu nuen; adierazteko modu bat zen niretzat. Esango nuke gizonok emozionalki gehiago zabaldu behar garela; orain, pandemiagaz, gehiago egiten dela iruditzen zait, baina, esan dudan moduan, emozionalki ez gara hainbeste itxi behar, neure ustetan. Hortaz, 2019 inguruan sare sozial batean kontu bat zabaldu nuen, idazten nituenak Fastink ezizenagaz publikatzeko. Testu txikiak ziren, ez oso landuak. Hasieran duda asko nituen, ea idatzitakoa publikatu, nola publikatu eta hori guzti hori, baina uste dut erabaki polita izan dela, eta baita lagungarria ere. Ez nuen ezer espero, baina horri eskerrak idatzi zidaten argitaletxetik. Eta, gerora, jendeak esan dit identifikatuta sentitu dela, azken finean, eguneroko egoerak dira eta.

Zer da 'Akresale'?
Asmatu dudan berba bat da, Akelarreren eta Kresalaren arteko fusioa. Esanahia bera baino haratago joan gura nuen, itsasoagaz hartu-emana duelako, eta zeremonia kaotiko bat ere iradokitzen duelako. Gerora, egoera asko azaltzeko berba komodin lez erabili dut.

Egoera biografikoak ditu liburuak, baina fikziotik ere badu, ezta?
Bai, denerik dago. Egoera batzuk guztiz errealak dira, beste batzuk fikzioagaz nahastutakoak dira, eta badaude guztiz fikzioak direnak ere. Zerbait okurritu ahala, idazten hasten naiz, eta gero erabakitzen dut poesia forma eman edo mikroipuinarena. Idatzitako batzuk 2019koak dira, beste batzuk berriagoak; badaude zaharragoak ere, moldatu ditudanak. Gaur egun, literatura ere modu azkarrean kontsumitzen da, eta horregaitik idatzi dut horrela. Aurrerago, epe luzera begira, nobela beltz bat idaztea gustatuko litzaidake. Baina gaur egun hau aurkezten nabil.

Orain gutxi Durangon egin zenuen aurkezpena. Zelakoa izan zen? Zelako harrera izan du liburuak inguruan?
Orokorrean oso pozik nago liburuak izandako harreragaz. Azken finean, proiektu guztiz pertsonala da, nik bakarrik sortu dudana, eta ikustea aurkezpen horretara Durangoko Udaleko ordezkariak etorri direla, edota Bartzelonako, Donostiako, Bilboko eta Tolosako lagunak etorri direla, bultzada bat da. Horrez gainera, asteon Valentziako liburu azokan egongo naiz, liburua aurkezten -argitaletxea hangoa da-, eta laster Madrilera ere joango naiz, beste azoka batera. Nire aldetik ere banabil lotzen aurkezpenak. Ilusio handia egingo lidake, adibidez, Durangoko Azokan aurkezteak.

Zer gai jorratzen dituzu liburuan?
Liburua txikia da, baina trinkoa. Eduki asko du barruan, eta testuingurua bera ere polita da. Itsasoa asko tratatzen da, zein polita den erakusten da, baina zer kendu didan eta zein beldur sortzen dizkidan ere erakutsi dut. Iruditzen zait literaturan idealizaturik egon daitekeela itsasoa, eta errespetua eduki behar zaiola uste dut. Bestela, denerik dago gaiei dagokienez: abentura, heriotza, maitasuna, desamodioa... sukaldaritza ere agertzen da, arrantzagaz lotuta.

Non erosi daiteke liburua?
Durangoko Hitz eta Urrike liburu-dendetan dago. Bestela, nigaz hartu-emanetan ipinita. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!