Durangarra jaiotzez, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako zuzendaria izan zen, baita Leintz bailarako Arizmendi ikastolako presidentea ere. Bagaran eta Lanki ikertegian ere jardun zuen. Durangarrak urte asko egin zuen Debagoienean; Arrasaten lehenengo, eta Eskoriatzan azken urteotan. Berbaroren sorreran "ezinbesteko motorea" izan zela gogoan dute sasoi hartan elkartea bultzatzen ibili ziren lagunek.
Umiltasunetik sortua
"Familiaren eta bere bizitzan zehar ezagutu dituen pertsonen artean agur ekitaldia antolatzea erabaki dugu. San Agustin beti izan da guretzat aterpe", azaldu du Miren Erdoizak, Mujikaren ilobak. "Argi genuen osaba nor zen, eta baita bere bizitzan ezaguturiko pertsonei agurtzeko aukera eman gura geniela. Umiltasun horretatik sorturiko ekitaldia izango da. Berarentzat zutabeak izan ziren euskalgintza, baserria, kooperatibagintza, ikastolak, eraldaketa soziala eta familia. Beraz, esparru horietan ibili den jendeari egin diogu gonbidapena", esan du Erdoizak.