Picasso Barcelórekin lotzen duen bidaia proposatuko du Durangoko Arte eta Historia museoak

Aritz Maldonado 2022ko api. 28a, 13:47
Julian Rios, Ima Garrastatxu, Antonella Montinaro eta Garazi Arrizabalaga

Gaur irekiko ditu ateak 'Picassotik Barcelóra' erakusketak. Bertan, 23 artisten 35 obra ikusi ahalko dira; Warhol, Picasso, Dalí eta Chillida bezalako artista ezagunen lan grafikoak dira gehienak. Uztailaren 3ra arte egongo da ikusgai. 

"Arte garaikideak erreproduzigarritasuna ekarri zuen, eta horrek artea eskuragarriago egin du; Durangokoa bezalako musiko txiki batean erakusketa honek batzen dituen artista handien lan originalak ikusi ahal izatea posible egiten du horrek", azaldu du Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia museoko zuzendariak. Izan ere, nazioartean ezagunak diren artisten lanak egongo dira ikusgai Etxezarreta jauregiko erakusketan. Gacma enpresagaz elkarlanean antolatu du museoak erakusketa, eta bertako komisarioa den Antonella Montinarok Durangoko museoan horrelako erakusketa bat edukitzeak suposatzen duen erronka azpimarratu du. "Guztira, 80 pieza inguruk osatzen dute bilduma, baina museo bakoitzera egokitzen dugu erakusketa. Kasu honetan, arte modernoko eta garaikideko bilduma bat eta artearen historia artikulatzea gura izan dugu, besteak beste, baita katalogoei buruz edota artistaren eta teknologien arteko harremanari buruzko gogoetak plazaratzea ere", azaldu du Montinarok.

Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak udal gobernu taldeak kulturaren alde egindako apustua nabarmendu dute. "Pozagarria da artearen historian hain garrantzitsuak diren artistekin erakusketa bat bertan edukitzea, eta Durangoko Arte eta Historia museoak azken urteetan lortu duen garrantzia eta oihartzuna erakusten du honek" nabarmendu du alkateak. 

Ohi bezala, bisita gidatuak egingo dituzte museoan: maiatzaren 10ean eta 31n, eta ekainaren 7an eta 28an egingo dituzte (gazteleraz, maiatzaren 4an, 17an, 25ean eta ekainaren 15ean eta 22an). Izena emateko musoera deitu beharko da, edo www.durango.eus webgunera jo beharko da. Uztailaren 3ra arte egongo da ikusgai erakusketa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!