Izan ere, Arandoñok ez ezik, Durangoko beste hainbat elkartek ere urteurren borobilak ospatuko dituzte 2022 honetan: Doinu-zahar koroak 40 urte bete ditu aurten, eta Durangoko Kontserbatorioak ere beste horrenbeste beteko ditu. "Urteroko kontzertuez gainera, elkarlanean beste emanaldi batzuk antolatu ditugu, ospakizunetan egongo garen elkarteek elkarregaz ospatzeko ", azaldu du Xabier Arana Arandoñoko kideak.
Hasiera batean, bederatzi emanaldi egingo dituzte urteurrena ospatzeko. Hala ere, Aranak, gehiago antolatzeko gogoa duela azaldu du, "aurrekontuaren arabera". Bogoroditsiegaz, Herri Maite akordeoi taldeagaz, durangoko Orfeoiagaz eta Silboberri txistu elkarteagaz ere egingo dituzte emanaldiak.
Lehena, Doinu-zaharregaz
Lehenengo emanaldia domeka honetan izango da, maiatzak 1, San Frantziskoko elizan. Bertan, Ana B. Garciak joko du organoa, eta Doinu-zaharreko koroak ere parte hartuko du emanaldian. "San Frantziskon abesten gure etxean bezala gaude, izan ere, makina bat bider egon gara bertan", azaldu du Valentin Atxotegi kideak. Bi zati edukiko ditu emanaldiak, lehenengoan, Ana B. Garciak joko du, eta ostean, abestu egingo du koroak.