Durangoko EAJk udaltzaingoaren instalazioetako "atzerapenak eta gainkostuak" kritikatu ditu

Anboto 2022ko api. 27a, 16:16

Jeltzaleek diotenez, "obrak geldituta egon dira" urtarril bukaeratik, aireztapen-instalazioak ez daudelako proiektuan "behar bezala jasota".

Durangoko EAJk udaltzaingoaren egoitza berritzeko lanak "hiru hilabete eta erdiko" atzerapenagaz datozela eta 75.000 euroko gainkostuagaz datozela kritikatu du. Jeltzaleek ohar batean adierazi dutenez, horren arrazoia obraren jatorrizko proiektuan legoke, "hasierako proiektuan ez baitziren aireztapen-instalazioak behar bezala jasotzen". Gaineratu dutenez, obrak etenda egon dira urtarrilaren 31tik eta horrek herritarrei eragin die, "askok zailtasunak" izan dituztelako behin-behineko instalazioetara ailegatzeko. 

Durangoko Udalak udaltzaingoaren egoitza berritzeko lanak hasi zituen iazko irailean. Lanek iraun bitartean, behin-behinean, polizia-etxea Landako Gunearen ondora lekualdatu zuten. Momentu honetan han dago Durangoko udaltzaingoa. Jeltzaleek "erabaki egokiagoak" hartzeko eskaria egin diote gobernu taldeari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!