Durangoko jolas librerako guneak 18.000 erabiltzailerekin itxi du bere lehenengo urtea

Anboto 2022ko api. 27a, 08:54

Jolas librerako gunea Landako Gunean.

Udaberria iristearekin batera, udalak amaitutzat eman du espazio berri honen lehenengo edizioa, eta datorren denboraldia planifikatzen hasi da.

Neguan haurrek eta gurasoek aisialdirako babes bat izan dezaten, Durangoko Udalak Landako Guneko moduluetako bat prestatu du jolas librerako gune gisa neguko hilabeteetan.Espazioa irekita egon den hiru hilabete eta erdian, 18.000 erabiltzaile inguru igaro dira aipatutako espaziotik, udalak ohar batean informatu duenez. “Lortutako zifrek erakusten digute Durangoko haurrek eta gurasoek denbora librea igarotzeko espazio estali bat behar dutela”, azaldu dute udal arduradunek.

Ildo horretan, Durangoko Udala herriko haur parkeetako bat estaltzeko lanetan ari da. Horretarako 200.000 euroko partida sartu du aurtengo aurrekontuetan, hainbat haur parke hobetu eta birgaitzeko 230.000 euroko beste partida batekin batera. Horri guztiari udalak San Inazio parkean hasi dituen eta udan bukatzea aurreikusten dituen obrak gehitu behar zaizkio.

Gainera, datozen egunetan Durangoko Udalak Intxaurrondon kokatutako Ludoteka eta Gaztelekua inauguratuko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!