Horretarako herritarrekin batu dira: gazteekin eta adinekoekin, zehazki. Gaurko prentsaurrekoan prozesu horretako ondorioak azaldu dituzte. Adinekoen kasuan, bizikletek eta gero eta gehiago ikusten diren patinete elektrikoek eragiten diete "beldurrik handiena". Patine elektrikoen kasuan "izua" ere eragiten die batzutan, autoeskola bateko irakaslea den Miguel del Valleren esanetan. Nagusiekin hainbat batzar egin ditu del Vallek. "Askok esperientzia desatseginak izan dituzte", gaineratu du.
Nagusiak patineteetan eta umeak eurekin
Patinete elektrikoekin jarraituz, beste arrisku mota bategaz ere ohartarazi gura izan du del Vallek. "Ikusi izan ditut nagusiak patineteetan eta euren aurrean umeak eskulekuari eusten. Hori lehenbailehen moztu beharra dago. Edozein unetan drama bat egon daiteke". Bide beretik mintzatu da Uxue Martinez Bide Indarkeriari Stop elkarteko kidea. "Gero eta ohikoagoa den egoera da. Nahiz eta umeak kaskoa eraman, istripu baten kasuan zeinek pairatuko luke gehien?" galdetu du.
Umeak patinete elektrikoetan
Elkarteko kideak "asko" arduratzen dituen beste joera bat honako hau da: 10-12 urte arteko umeak patinete elektrikoetan ikustea. "Arriskutsua da adin horretako umeentzat", adierazi du Rosa Trinidad elkarteko kideak.
Azterketa bat egin dute 12-16 urte arteko gazteen artean. San Jose Jesuitak ikastetxeko, Kurutziaga ikastolako, San Antonio ikastetxeko, Fray Juan de Zumarraga institutuko eta Nevers ikastetxeko 1.100 gazterekin egon dira. Euretatik 125 gaztek patinete elektrikoa erabiltzen dute batzuetan garraiobide moduan eta kopuru horren %11k bakarrik erabiltzen du kaskoa.
Patinete elektrikoen kasuan, uste oker batekin apurtu beharra dagoela dio Jorge Varela udaleko zinegotziak. "Jendeak uste du jostailu bat direla, baina ez da horrela, motor bat daramate eta arriskutsuak izan daitezke", adierazi du gaurko prentsaurrekoan.
Heziketa, ezjakintasunaren eta ohitura txarren aurrean
Oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetzan sortzen diren arazo batzuek ezjakintasunean dute sorburua. Hau da, herritarrek ez dute araudia ezagutzen. Inurri Eskaut Taldeak gazteen eta Bide Indarkeriari Stop elkartearen arteko zubi lanak egin ditu eta Xabi Intxausti bertako kidea da. Intxaustik ezjakintasun horren adibideak eman ditu. "Batzuek uste zuten atletismo pista atzeko bidegorria bizikletentzat bakarrik zela, baina ez dela horrela deskubritu dute". Bide Indarkeriari Stop elkarteko hezitzailea den Uxue Martinezek beste datu batekin indartu du argudio bera. "Gure ikerketan 100 gaztek uste zuten patinete elektrikoak espaloitik ibili daitezkeela. 882 gaztek, berriz, ez zekiten bidegorria motor bako patineteentzat bakarrik dela eta ez motordunentzat".
Nagusiek ere dudak izaten dituzte. "Bidegorrietan seinaleak bidean pintatuta daude. Euretako batean pertsona bat ageri da. Pertsonak ezin direla handik ibili esan gura du, baina adinekoek sarritan kontrakoa ulertzen dute", azaldu du del Vallek.
Ohitura txarrek ere bizikidetzan eragiten dute. "Landako etorbidean oinezkoak sarritan bidegorritik ibiltzen direla diote gazteek, beharbada zuhaitzek gerizpea ematen dutelako. Baina gero onartzen duten hurrengo batean eurek direla handik oinez ibiltzen direnak", azaldu du Intxaustik.
Horri guztiari aurre egiteko erraminta heziketa dela adierazi dute, adin guztietan. Udara begira kontzientziazio kanpainak sustatzeko ere eskatu die Rosa Trinidadek udal ordezkariei. Horrez gainera, jokabide okerrak ikusterakoan oharterazpenak egiteko eskatu die udaltzainei, isunei aterik itxi barik.
Udal Ordenantza
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak 2020 amaieran onartu zuen mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen gaineko araudia. Oraintsu, araudi hori eguneratu egin du. Orain, udalei araudia euren ordenantzetara egokitzea dagokie eta Jorge Varelak horretan dabiltzala adierazi du.
Araudiak eta seinaleak ondo ez ezagutzea da arazoetako bat gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez.