L'Atelierreko ia 500 dantzarik Landako Gunea dardaraziko dute zapatuan

Ekaitz Herrera 2022ko api. 26a, 11:48

Dantzaren Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Durangoko L'Atelier dantza eskolak egun osoko egitaraua prestatu du zapaturako. 10:30etatik hasita, askotariko dantza modalitateak taularatuko dituzte. Sanagustinalde kaleko barandetan ere, balleta eskainiko dute.

Zapatu honetan dantzak hartuko ditu Durangoko kaleak eta Landako Gunea. L'Atelier dantza eskolak egitarau potoloa prestatu du. Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du hamabigarrenez, eta bertako dantza ikasleak sasoiko daudela erakutsiko du. Uneotan ia 500 bat ikasle dabiltza L'Atelierren. Buru-belarri. Geratu barik. Balleta lantzen dute ikasle batzuek. Dantza garaikidea beste batzuek. Modernoagoa ere bai. Eta ez diete muzinik egiten jazz, hip hop edo breakdance modalitateei. Hain zuzen ere, dantza aniztasun hori guztia taularatuko dute Landako Guneko oholtzan. Oihane Azkonizaga arduradunak eman du egitarauaren berri. "Landako Guneko ateak 10:00etan zabalduko ditugu eta 10:30etan eskainiko dugu lehenengo dantzaldia. Ballet ikasleek, hiru urtetik gorako ikasleek eta helduek, saioa eskainiko dute", azaldu du Azkonizagak.

Dena dela, Landako Gunetik kanpora ere aterako dute dantza. "Hori da asmoa. Eguraldiak baimentzen badu, eta badirudi halantxik izango dela, Sanagustinalde kalera joango gara ballet saioa bertan egitera". Mañaria errekaren gaineko barandetan egingo dute balleta. Hori 12:15ean izango da. Arratsaldeko saioa Landako Gunean egingo dute berriro. Ateak 16:00etan zabalduko dituzte, gero, 17:00etan dantza saio garaikideak, jazza, hip-hopa eta breakdance modalitatea eskaintzeko. Dantza emankizunak 19:45ak aldera amaituko dituzte, eta ondoren, DJ batek girotuko du Landako Gunea.

Errifak, edariak eta jatekoa

Goizeko saioa amaituta, 13:00etatik 14:00ak arte gutxi gorabehera, mokadutxo bat hartzeko aukera egongo da Landako Gunean. Cafés Baquék eta Azkonizagak kafea, edariak eta jatekoa eskainiko dute. Horrez gainera, L'Atelierreko kideek errifak salduko dituzte. Batutako diruagaz etorkizuneko dantza lehiaketetarako bidaiak finantzatu gura dituzte. Izan ere, uztail aldean Marbellara joango dira (Andaluzia, Espainia) bertako dantza lehiaketa batean parte hartzera. Iraila aldean, berriz, Parisera (Frantziako estatua). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!